Eguenean atzemandako agerraldiaren ostean –hiru kasu–, beste lauren berri eman du Osasun Sailak gaur argitaratutako datuetan. Positibo bat erregistratu zen barikuan, eta beste hiru zapatuan. Domekan ez zen kasurik hauteman. Hala, azken lau egunetan zazpi positibo baieztatu dira Elgetan, eta intzidentzia-tasa metatua 618,92 da.
Itxiera perimetralean
Itxiera perimetrala iragarri du Eusko Jaurlaritzak Elgetarendako bihartik aurrera. 5.000 biztanletik beherako herrien kasuan hiru baldintza betetzen direnean ezartzen da itxiera perimetrala. Unoetan hirurak betetzen ditu Elgetak.
- Udalerriak 400dik gorako intzidentzia-tasa metatua dauka.
- Dagokion osasun eremuan –ESI Debagoiena– 400dik gorako intzidentzia-tasa metatua dago. Hain zuzen ere, 832,15.
- Azken zazpi egunetan lau kasu positibotik gora egotea.
Horrek eragina du, besteak beste, ostalaritzaren funtzionamenduan, eskola kirola zein kirol eskaintza zerbitzuetan, eta baita ere mugikortasun neurrietan.
- Bihartik aurrera ezingo da Elgetatik sartu edo irten, baimendutako jardueratarako ez bada. Hurrengo astelehenean eguneratuko dira datuak.
- Ostalaritzak baldintza bereziak izango ditu. Barruak itxita egongo dira. Soilik gosariak eta bazkariak emateko zabalduko dira barruak 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era.
- Eremu itxietan egiten diren kirol jardueretan gehienez ere lau lagun.
Ludoteka itxita astebetez
Ludoteka zerbitzua itxita egongo da aste honetan. Horrela erabaki du Elgetako Udalak. Kasu positiboak atzeman dira erabiltzaileen artean, eta lehen kontaktua martitzenekoa denez barikura bitartean zerbitzuak ez ditu ateak zabalduko.
Baheketa LH2 gelako ikasleen artean
Herri Eskolako LH2ko ikasleak ez dira gaur eskolara joan. Ikasle horien artean baheketa egiteko protokoloa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak, eta emaitzak ezagutu ostean hartuko dute erabaki bat osasun arduradunek. Bien bitartean ikasle horiek etxean jarraituko dute.
Ikastetxetik jakinarazi dute ikasleak ondo sentitzen direla.