100 kasu baino gehiago baieztatu dira eskualdean azken hiru egunetan; gehienak Oñatin eta Arrasaten. Gauzak horrela, pandemia hasi zenetik 7.124 COVID-19 kasu erregistratu dira Debagoienean.
Asteburuan, egunez egun eta herriz herri atzemandako positiboak daude hurrengo taulan:
Herria | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | GUZTIRA |
Oñati | 15 | 16 | 3 | 34 |
Arrasate | 3 | 17 | 13 | 33 |
Bergara | 10 | 3 | 5 | 18 |
Aretxabaleta | 2 | 9 | 4 | 15 |
Elgeta | 1 | 3 | 0 | 4 |
Eskoriatza | 1 | 0 | 3 | 4 |
Antzuola | 0 | 1 | 0 | 1 |
Aramaio | 0 | 0 | 0 | 0 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 32 | 49 | 28 | 109 |
Azken hiru egunetan, intzidentzia-tasei dagokienez ere aldaketak izan dira. Zenbatekoek gora egin dute Oñatin, Elgetan eta Bergaran, eta behera, aldiz, Aretxabaletan, Arrasaten eta Eskoriatzan. Nolanahi ere, tasa guztiak daude Osasun Sailak ezarritako mugaren gainetik.
Bergararen kasuan, aurreko astean gainditu zuen 400eko langa baina orain arte ez da neurririk indarrean egon; astelehenetan hartzen baitu erabakia Osasun Sailak. Halere, bihartik aurrera ezarriko dira neurriok Bergaran. Gauza bera gertatzen da Antzuolarekin ere, eta, Elgetan, asteburuan gainditu dute 400eko langa, eta hortaz, neurriak bihar jarriko dira indarrean.
Bestalde, Aramaion neurriak deuseztatuko dira, izan ere, 400dik gorako intzidentzia izan arren, azken zazpi egunetan lau positibo baino gutxiago erregistratu dira. Hala, Aramaio eta Leintz Gatzaga dira neurririk gabe dauden eskualdeko udalerri bakarrak.
Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Aldaketak, osasun sisteman
Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, Osakidetza Kontingentzia planaren hirugarren agertokian dago, eta egoera "oso kezkagarria" dela iritzi du. Horri lotuta, premiazkoak ez diren kirurgia guztiak atzeratzea erabaki du Jaurlaritzak: "Premiazkoak ez diren kirurgiak atzeratzea erabaki dugu, atzeratu ezin direnak, premiazkoak edo prozesu onkologiko baten zati direnak bermatzeko. Erabakia aste honetatik bertatik izango zaio aplikagarria Osakidetzako ospitale-sare osoari, eta bi astez luzatuko da, gutxienez".
Azken datuen arabera, 192 lagun daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan COVID-19aren eraginez. Aurreko egunean baino lau gehiago dira, eta duela astebete baino 45 gehiago. Bestetik, plantan daudenak 568 dira, eta hortaz, bi zenbatekoak batuta, 760 dira guztira EAEn ingresatuta daudenak. Nafarroan berriz, zazpi pertsona ingresatu zituzten atzo eta gutzira, 196 daude ospitaleratuta; horietatik 38, ZIUn.
Bestetik, positibo berriei dagokienez, 10.470 proba egin ostean, 890 positibo baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian. Lurraldeka, 356 kasu atzeman dira Gipuzkoan, 325 Bizkaian, 128 Nafarroan, 75 Araban eta sei bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.