Luzaroan hutsean egon eta gero, gaur, hiru positibo Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko api. 23a, 12:41

Osasun Sailak gaur ezagutzera emandako datuen arabera hiru kasu baieztatu dira Elgetan. Atzo egindako probekin hautemandako positiboak dira. Honenbestez, positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 265, 25 da. 

Ia hiru hilabetean ez da kasu positiborik atzeman, Elgeta. Osasun Sailak urtarrilaren 27an komunikatu zuen azkenengoz kasu bat herrian. Horren aurretik bi positibo izan ziren abenduaren 29an, eta beste bat abenduaren 27an. 

Atzo egindako proben ondorioz, ordea, hiru kasu baieztatu dira, eta ia hiru hilabetez hutsean izan den intzidentzia-tasa metatua 265, 25 da gaur.

Gaur baieztatutako kasuak kontuan hartuta 54 positibo erregistratu dira Elgetan pandemia hasi zenetik.

Laugarren olatua eragin handia izaten ari da Gipuzkoan, eta Debagoienean ere bai. Elgetan apenas izan du eraginik gaur arte, baina hasi dira positiboak agertzen. Murrizketak eta osasun neurri bereziak betetzeko eskatzen dute Osasun Sailetik. "Elkar zaintzen jarrai dezagun!", adierazi du Udalak sare sozialen bitartez.

Gogoan izan gorri daudela inguruko herriak ere, hala nola, Bergara, Eibar, zein Elgetak mugakide duen Bizkaia lurraldea. Hala, mugikortasun neurriek ezarritako salbuespenak kenduta Eibarrek itxiera perimetrala du, eta lurralde arteko mugimendua ere –Gipuzkoa, Bizkaia, Araba– murriztuta dago.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak