Banku zerbitzua, kirol instalazioak, eta antzokia dira kezka nagusietako batzuk galdetegia bete duten herritarren artean

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ots. 26a, 10:41

'Danon artian Elgeta 2030' partaidetza prozesuko lehen bilera irekia, aurreko eguenean, Espaloian.

Martxan da Danon artian Elgeta 2030 parte hartze prozesua. Hilaren 18an egindako lehen herri batzarrean jakin ziren herritarrek betetako 64 galdetegietatik ateratako emaitzak. Martxoaren 4rako dago iragarrita bigarren eta azken herri batzarra.

Elhuyar Aholkularitza zerbitzuko Amaia Zarrabeitiaren eta Idurre Zuazagastiren eskutik bi orduko lan-saioa egin zuten, hilaren 18an, 24 herritarrek Espaloian. Danon artian Elgeta 2030 partaidetza prozesuaren lehen herri batzarra izan zen, eta beste bat dago iragarrita martxoaren 4rako.

Helburua da etorkizunari begira Elgetak dituen erronkak modu adostuan identifikatzea. Horrekin batera, aurrera begirako lan-lerro nagusiak finkatzea eta horiek aurrera eramateko proposamen zehatzak jasotzea. Hain zuzen ere, Udalak egitekoa duen gogoeta estrategikorako oinarriak jartzea.

Lan-saioko lehen egitekoa izan zen Udalaren enkarguz Elhuyar Aholkularitza zerbitzuak prestatutako galdetegitik jasotako erantzunak eta balorazioak ezagutzea. Aurkezpena hasi aurretik, hainbat datu orokor eman zituen Zarrabeitiak. Azaldu zuen 64 inkesta bete direla. "Gehiengoak euskaraz bete duzue –64 lagunetik 51–, eta, adinari dagokionez, erdia 41-65 urte bitartekoak izan zarete –64tik 32–. Sexuari dagokionez, emakumeek bete dute, gehienbat –64tik 39–". Adinari dagokionez, ohartarazi zuen 25 urtetik beherakoak eta 66tik gorakoak zazpi bakarrik izan direla; hiru 25 urtetik beherakoak eta lau 65etik gorakoak.

Galdetegiak, bestalde, sei arlo bereizten zituela gogorarazi zuen, eta jasotako erantzunen inguruko lehenengo irakurraldia egin zuen Zarrabeitiak alorrez alor.

 

Galdetegian jasotako ekarpenak

Galdetegiko Zer dugu hobetzeko? galderak iritziak eta proposamenak egiteko bidea ematen zuen, eta 60tik gora ekarpen jaso dira. Horien aurkezpena ere egin zuen Zarrabeitiak. Espaloia kafe antzokiari egin zion lehen erreferentzia: "Nahiko proposamen orokorra da heldu egin behar zaiola gaiari eta antzokiaren erabilerari buelta bat eman behar zaiola". Kultura eskaintzari dagokionez, "zaba- lagoa, anitzagoa eta adin tarte gehiagorentzako" izan beharko lukeela jaso da. Ekintza "solteak" egiten direla eta marko baten barruan egin beharko liratekeela jaso da, eta, "akaso, aurrekontu handiagoarekin eta teknikari edo dinamizatzaile batekin". Jaiak indartu egin behar direla ere jaso da, "behera etorrita daudelako". Liburutegi zerbitzuaren ordutegia zabaltzeko proposamena ere iritsi da. Goizez ere zabaltzeko eskaera egin da; batez ere, azterketa sasoian dauden ikasleei begira.

Hezkuntzarekin lotuta, eskola handitzeko eta hezkuntza eskaintza osagarria bultzatzeko proposamenak jaso dira, non haur eskolak, eskolak, Udalak, guraso elkarteak eta ludoteka-gazteleku zerbitzuek planifikazio bateratuagoa izango luketen.

Osasun arloan, kontsultak zaharberritzeko premia duela adierazi du hainbatek, zehaztuz medikuaren eta gaixoen arteko elkarrizketak entzuten direla itxarote-gelatik. Eta bada pediatra zerbitzua indartzeko eskatu duenik ere, egunero ezin bada gutxienez astean zenbait egunez edukitzeko. Haurrekin jarraituz, haur parkeren bat estaltzeko eskaera jaso da –aurreikusita dago Maalako parkea estaltzea–.

Kirol instalazioak hobetzeko proposamenak ere egon dira, eta, horrekin batera, gimnasioa modu librean erabiltzeko aukera zabaltzeko. Eta nabarmendu da bizikletendako bidegorri seguru bat jartzeko eskaera.

Bestelakoetan, Gas Naturalera pasatzeko aukera lantzeko, Kanpanzarko bidearen egoera hobetzeko lan egiteko, garraio publikoa hobetzeko eta enpresek herritarrak kontratatzeko aukera lantzeko ekarpenak ere jaso dira galdetegiaren bidez.

Lanketa talde txikietan

Talde txikietan banatuta egin zuten lan-saioaren bigarren zatia bertaratutakoek. Jasotako ekarpenak aztertzeko eta baloratzeko unea izan zen. Martxoaren 4rako dago deituta partaidetza prozesuaren bigarren eta azken lan-saioa.  Lehenengo bileratik ateratako ondorioetatik abiatuko da lanketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak