Ane Bilbao: "Zenbat eta iritzi eta proposamen gehiago egon, hobeto"

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ots. 26a, 11:54

Ane Bilbao Larrañaga. (Argazkia: EH Bildu Elgeta)

Martxan da Danon artian Elgeta 2030 parte hartze prozesua. Hilaren 18an egindako lehen herri batzarrean jakin ziren herritarrek betetako 64 galdetegietatik ateratako emaitzak. Martxoaren 4rako dago iragarrita bigarren eta azken herri batzarra. Udalak ahalik eta etekinik handiena atera nahi dio prozesuari.

Zein balorazio egiten duzue egon den parte hartzeari buruz? (Betetako inkesta kopurua eta lehen herri bileran izan den parte hartzea) 

Balorazio positiboa, noski. Herritar guztiek izan dute galdetegia betetzeko aukera, eta, batez ere adin tarte bateko herritarren iritziak faltan bota ditugun arren, jasotakoekin gustura gaude. Lehenengo herri batzarreko parte hartzearekin ere pozik gelditu ginen, ulertzen baitugu gaur egungo bizimoduarekin guztioi kostatzen zaigula horrelako prozesu batera hurbiltzea. Hala eta guztiz ere, 25 urtetik beherako herritarren parte hartze baxua nabarmenduko nuke etorkizuneko Elgeta nolakoa izango den erabakitzeko prozesuan, esateko asko dutela uste baitut.


Galdetegiaren emaitzetan baloratuenak diren zerbitzuen artean daude liburutegia, haur parkeak, haur eskola-eskola eta erretiratuentzako baliabideak. Ze irakurketa egiten duzue?

Guk ere argi ikusten dugu zein zerbitzu diren egokien funtzionatzen dutenak, edo herritarrak gehien asebetetzen dituenak. Beti dago zer hobetua, baina urte hauetan zehar zerbitzuak indartzen, eskaintza zabaltzen eta Udalaren egoera kontuan hartuta denon beharretara egokitzen joan gara. Pozten naiz herritarrak ere horrela baloratu izana.

Udalaren eskumenekoak direnen artean balorazio txarrenak kirol instalazioek, eta antzokiak jaso dute. Aurreikuspenen artean zegoen? Udalak ere baditu bere kezken artean?

Bai. Beti bueltaka dabiltzan gaiak dira, batez ere antzokiaren kontua. Argi geneukan antzokiaren kasuan balorazioa negatiboa izango zela. Heldu beharreko kontua dela aipatu da hainbat galdetegitan eta kontuan hartu behar da saiakera ezberdinak egin direla urteetan zehar. Beti mahai gainean dagoen gai bat izan da, inoiz alde batera utzi ez den kontua, eta ikuspegia aldatzeko ordua iritsi da. Baina haratago joan eta proposamenak jaso eta lantzea da gure nahia. Esperantza daukat, balorazioez aparte proposamen ezberdinak aterako direla batzar eta galdetegi hauetatik. Datozen urteetan lantzeko bezalakoa izango den norabide bat denon artean markatzea oso garrantzitsua ikusten dut. 

Kirol instalazioen kasuan ere guztiok ikusten dugu zer dagoen. Udalak dituen baliabideen barruan hobekuntzak egiten joan gara eta gehiago izango dira epe motzean. Hala eta guztiz ere, kontuan hartzeko gaia dela argi utzi dute herritarrek eta bizimodu aldaketa honekin gero eta garrantzi handiagoa ematen diogula guztiok. 

Galdetegiaren bidez hainbat proposamen egin dituzte herritarrek. Zentzuzkoak, egingarriak eta kontuan hartzeko modukoak dira?

Kontuan hartzekoak, guztiak. Zalantzarik gabe. Horretarako banatzen da galdetegia eta eskatzen da herritarren parte hartzea. Guztiok dugu iritzi bat eta guztiak dira zentzuzko eta zilegi. Egingarriak ote diren beste kontu bat izango da. Bota diren proposamen batzuk ez dira Udalaren eskumenekoak, beste batzuk ez daukate jasangarritasunik Elgeta bezalako herri txiki batean, eta berriz ere esango dut, baliabideak oso murritzak dira. Baina, esan bezala, denak aztertuko dira eta ikusiko dugu prozesuak zer gehiago ematen duen datorren astean. 

Bigarren bilera bat egongo da martxoaren 4an. Zergatik da garrantzitsua herritarrek parte hartzea?

Etorkizuneko Elgeta nolakoa nahi dugun denon artean erabakitzeko eta eztabaidatzeko aukera izango da. Zenbat eta iritzi eta proposamen gehiago egon, hobeto. Prozesu honekin datozen urteetarako herriaren proiektuen eta aurrekontuen noranzkoa zehaztuko dugu, eta guztiok daukagu zer esana. 

Zer egingo du Udalak lanketa honetatik jasotakoarekin?

Batzar hauek pasatakoan, lan asko geldituko zaigu egiteko. Guztia aztertu ondoren, lehentasunak ezarri beharko ditugu eta prozesuari ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatuko gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak