"Batzarrean hogeita lau pertsonak parte hartu zuten, 16 urtetik gorakoen %2,8k. Erantzun oso eskasa da, ez du interes handirik sortu elgetarren artean", azaldu du oposizioko bozeramaile Aintzane Oiarbideak. "Bestalde, inkesten erantzunetan oinarrituta dago ondorengo lana, eta, hasieratik esan genuenez, ez dago inolako kontrolik erantzun horiek fidagarriak izan daitezen. Edozeinek bete zezakeen inkesta bai paperean eta baita telematikoki ere, eta pertsona bakar batek nahi adina inkesta bete zitzakeen. Eta horrek inkestaren emaitzak manipulatzeko aukera ematen du".
Oposiziotik uste dute EH Bilduk ez dituela gauzak ondo egin. "Elgetarrek erabakitako etorkizuneko Elgeta ezin da horrela planteatu. Lana egin behar da benetako parte hartze prozesu bat egiteko, eta hau paripe bat besterik ez da. Udal Gobernuari lanketa sozioekonomikoa eskatu diogu elgetarrei datu gehiago emateko, baina ez dute ezer egin. Elgetako %2,8k erabakiko al du etorkizuna? EH Bilduk ez dauka etorkizuneko proiekturik, eta interesa ere eskasa dute. Gure udal taldeak errespetatzen ditu parte hartu dutenen iritziak eta ekarpenak, baina prozesua gaizki planteatuta dago hasieratik".