Atzo Espaloian egindako bi orduko saiora 23 herritar eta Elhuyar aholkularitza zerbitzuko bi kide izan ziren. Hain zuzen ere, Elgetako Udalaren enkarguz Elhuyar enpresak abiarazitako gogoeta eta parte hartze prozesua izan da non galdetegi bat luzatu zaien herritarrei eta bi herri batzar egingo diren. Atzoko batzarra izan zen bi horietan lehena.
Gazteek eta zaharrenek ez dute apenas parte hartu
64 inkesta bete dira eta horietatik erdia 41-65 urte bitarteko jendea izan da. 26-40 urte artekoak 25 izan dira. Beraz, 25etik beherakoak eta 65etik gorakoak zazpi inkesta izan dira bakarrik, oso gutxi. Sei arloren gainekoa egin da galdeketa: kultura eta hezkuntza; osasuna eta zaintza; kirola eta aisialdia; lurraldetasuna eta azpiegitura antolamendua; enplegua eta lana; eta herri identitatea.
Proposamenen artean, besteak beste, honako hauek: Espaloiaren erabilerari buelta bat eman behar zaiola lehenbailehen; kultura eskaintza zabalagoa eta adin tarte guztietara begirakoa izatea; pediatria zerbitzua gutxienez astean egun batzuetan jartzea; kontsultategia zaharberritzea eta intsonorizatzea; umeendako estalitako eremuren bat egokitzea; eta Kanpazarko bidea konpontzeko lan egitea.
EAJren babesik ez oraingoz
Esan beharra dago, baina, Udal Gobernuaren proposamenarekin oso kritiko agertu da EAJ. Uste dute prozesua baliogabetu dezakeen akatsa egon daitekeela galdetegiaren formulazioan, iruzurra egoteko aukera dagoela. Gainera, galdetegiko sakontasun eza ere salatu dute. EH Bilduk onartu du aukera hori baina ez du iruzurrik espero.
Atzo jasotako ekarpenak garbira pasako dituzte Elhuyarrekoek eta martxoaren 4an egingo den hurrengo saioko abiapuntua hori izango dira. Helburua, ekarpen horiekin lotutako proposamen zehatzak adostea.