Zaldibarko lur-jausiaren urteurrenean, Joaquin eta Alberto gogoan

Txomin Madina Milikua 2021ko ots. 6a, 16:31

Zaldibar Argituk deituta elkarretaratzea egin dute gaur Elgetan, Zaldibarko zabortegia amildu eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak azpian harrapatu zituela urte bat bete den egunean. Elkarretaratzea hasteko bi langileen omenez aurreskua dantzatu dute, baita lore eskaintza egin ere.

Egun indarrean dauden neurri murriztaileak direla eta, Zaldibar Argitu plataformak herrika antolatu ditu Zaldibarko zabortegiko lur-jausiaren lehen urteurrenaren bueltako mobilizazioak. Elgetan, eguraldi txarrari aurre eginaz, herritar ugari batu dira Zaldibar Argitu. Langileak. Osasuna. Erantzukizunak. leloa zeraman pankartaren atzean. Elkarretaratzeari ekin aurretik baina, lur-jausiak azpian harrapatu zituen Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze zabortegiko langileen omenez aurreskua dantzatu dute, eta lore eskaintza ere egin diete.

Urte "gogorra"

Plataformak herri guztietarako prestatu duen testu bateratua ere irakurri dute mobilizazioari amaiera emateko. Hala, azaldu dute iazko otsailaren 6 hartatik igarotako urtea "gogorra" izan dela: "Intentsitatez, beldurrez, amorruz eta suminduraz betetako urtea izan da. Baina elkartasunez, borrokaz eta indarrez koloreztatu dugu".

Era berean, Zaldibarkoa desastre "izugarria" izan zela azpimarratu dute: "Desastre sozial eta humanoa, bi langile, etxera itzuli ez zirelako. Desastre ekologikoa, amiantoz nahasturiko zaborrezko mendi bat erori zelako; gure lur, ur eta airea kutsatuz. Eta desastre politikoa: kontrol faltak, isiltasun konplizeak, laguntxoen arteko negozioak, gardentasun falta... nabariak izan direlako. Otsailaren 6an, zabortegiarekin batera, batzuek inposatu nahi diguten bizi eredua ere erori zen".

Hamabi hilabete hauetan askotariko ekimenak burutu dituztela ere gaineratu dute, eta horietan parte hartu dutenen babesa azpimarratu. Gogora ekarri dute baita ere lur-jausiaren harira Durangoko epaitegian egingo den epaiketan herri akusazio gisa aurkeztuko dela plataforma, eta abioan dela hori finantzatzeko diru-bilketa kanpaina.

"Urte osoa daramagu hiru zutabetan lanean: langileak, osasuna eta erantzukizuna. Eta gaur ere horixe atera dugu kalera", azaldu du elkarretaratzean ostean plataformako kide Janire Lazkanok, eta gaineratu: "Lehentasuneko gaia da Joaquin Beltran zabortegitik ateratzea. Baina ikusten dugu Zaldibarren gertatutakoa ezin dala berriz ere gertatu, eta horretarako bermeak eskatzen ditugu".

"Ez da ezer ere aldatu"

Gaurko elkarretaratzean pankarta eroan duenetako bat Tere Deskarga izan da, zabortegitik gertu dagoen Elgetako Egoarbitza baserrikoa. 2020ko otsailaren 6aren eta ondorengo egunen inguruan galdetuta, egun "tristeak" izan zirela azaldu du, eta "beldurra " ere sentitu zutela: "Usain handia etortzen zen, kea...". Urtebeteren ostean, sentsazio berdinak dituztela dutela gaineratu du: "Ez da ezer ere aldatu. Alberto agertu zen arren, gauzak berdin daude. Ez dute ezer ere egin, eta ez dabiltza ezer ere egiten. Lurra-eta mugitu dituztenez, zabortegiaren itxura asko aldatu da. Baina bestelakoan, sentsazioak berdinak dira; ez dutela gauza askorik egin gorpuak-eta aurkitzeko. Haren familiagatik, Joaquin Beltranen gorpua topatzea eskatzen dut nik".

Jaurlaritzaren jarduerak, "arin eta eraginkortasunez"

Gaur bertan Zaldibarko zabortegian izan dira  lehendakariorde eta Segurtasun sailburua Josu Erkoreka eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia. Bilaketa prozesuaren egungo egoera eta egiten ari diren larrialdi jarduerak azaldu dituzte, eta gaineratu dute bilaketa lanekin amaitu ostean zabortegia behin betiko itxiko dutela.

Gertakariaren berri izan zen unetik bertatik Eusko Jaurlaritzak egindako jarduerak "arin eta eraginkortasunez" gauzatu direla gaineratu dute; eta  beharren arabera, hasierako premiazko neurriak eboluzionatzen joan direla  desagertutako pertsonak erreskatatzeko, ingurumenean kalte berriak sortzea prebenitzeko eta zabortegia egonkortzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak