Errepidera jausitako zuhaitzen auzia

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urt. 21a, 12:00

Elgetan joan da urtarril hasieran botatakoarekin pilatutako elurra eta hainbat puntutan begi bistan daude denboralearen ondorioak. Elgeta-Kanpanzar errepidean, esaterako, hainbat zuhaitz jausi ziren bidera. Bidea zabalik da, nahiz eta oraindik ere enbor eta adar ugari egon bazterretan, baina itxita ere egon da eta hainbat egunetan zuhaitz gehiago ere egon dira jausita edo traban.

Errepide horren kudeaketarekin kezka azaldu dute Elgetako Baserritarren batzordetik. Galdera da nori dagokion errepidera jausitako zuhaitzak trabatik kentzea. "Orain arte, bide azpiegituretako brigadak kendu izan ditu, baina, oraingoan, lur-jabeak egin behar izan du. Baserritarrek ez dute halako lan arriskutsuetarako azpiegitura eta tresneria egokirik", azaldu du baserritarren batzordeko burua den Sebastian Aranzabalek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentutik erantzun dute zuhaitzak jausi izanagatik errepide batean zirkulazioa erabat mozten denean departamentu horri dagokiola zuhaitzak kentzea. Berdin dio zuhaitzak jabetza publikokoak edo pribatukoak izan; izan ere, departamentu horren zeregina da etendako zirkulazioa lehenbailehen zabaltzea. GI-2639 errepidean gertatutakoa, ordea, elurteen aurretik datorrela zehaztu dute.

Hain zuzen ere, abenduaren 27an egon zen haizetetik datorrela azaldu dute nahiz eta elurtearekin zuhaitz eta adar gehiago erori ziren. Esan dute iluntzean jaso zutela gertatutakoaren abisua eta brigadako langileak zuhaitzak kentzen ari zirela hasi zirela gehiago erortzen. Lanak bertan behera gelditu ziren hurrengo goizera arte, eta orduan ikusi omen zuten enborrak partzela pribatu batetik eroriak zirela. Jabeak ze intentzio zuen jakiteko harekin harremanetan jarri izana azaldu dute, baina ez zutela erantzun zehatzik izan. Hala, zuhaitzak kentzeko eta errepidea irekitzeko urgentziazko lanak antolatu zituztela hurrengo egunerako beste egur zale batekin. Zuhaitzak, ordea, jabeak kontratatutako kamio batek eraman zituela arratsalde horretan bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak