1.692.639 euroko aurrekontua izango du Elgetako Udalak 2021ean

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko abe. 29a, 17:20

Hurrengo ekitaldiko aurrekontua aurtengoa baino %2,06 txikiagoa izango da, eta Udalak 80.000 euroko mailegua eskatuko du sarrerak eta gastuak orekatzeko. Pertsonal gastua %14,03 igoko da eta inbertsioen atala %40,33 jaitsiko da.

Elgetako udalbatzak abenduaren 22an egindako osoko bilkuran onartu zuen 2021eko udal aurrekontua. EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin egin zuen aurrera aurrekontu proposamenak. EAJko zinegotziek kontra bozkatu zuten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako aurreikuspenaren arabera, hurrengo ekitaldian 763.642 euro iritsiko dira Elgetara Foru Funtsaren bitartez. "Foru Funtsaren galerak konpentsatzeko 80.000 euroko mailegua eskatuko du Udalak", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak.

Pertsonal gastuen ataleko igoeran eragina dute, alde batetik, aurre-erretiro batekin lotutako primaren ordainketak, eta bestalde COVID egoera dela-eta hainbat zerbitzutan errefortzua jartzeko erabakiak –udal brigadan, garbiketa zerbitzuan, ludotekan…–.

Inbertsioetarako %40,33 gutxiago

Inbertsioen atalean 171.639,48 euro aurreikusten dira, aurreko urtean baino %40,33 gutxiago. Oraingoz, Udalak alde batera utziko du San Roke kalean irisgarritasun lanak egiteko proiektua.

Hala, 2021eko inbertsiorik handiena Herri Eskolako haur hezkuntzako jolastokiaren teilatua berritzeko izango da. Kiroldegiko leihoak aldatzea eta Maalako haur parkea estaltzea ere nabarmentzen dira 2021eko egitasmoen artean.

Haur hezkuntzako teilatua berritzeko    55.000
Kiroldegiko leihoak aldatzeko 30.000
Eskola ondoko parkea estaltzeko 20.000
Udal eraikinetako koadro elektrikoak aldatzeko 15.597,39
Baserritarren batzordeko inbertsioak 15.000
Belarra mozteko makina erosteko 10.000

Udalaren zorra

Udalak banketxeekin duen zor bizia Udalaren sarrera arrunten %29 da. Dirutan 453.341 euro dira, eta 2021ean 18.000 euro ordainduko dira.

Kalte-ordainetan dagoen zorra, berriz, 515.491,94 eurokoa da, eta 2021ean 140.743,97 ordainduko dira.

Domingo Iturbe patronatuarekin Udalak duen zorra 127.000 eurokoa da. 2021ean 6.000 euro ordainduko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak