Garai zailak dira merkataritzarendako, eta Kutxabankek aurrez aurreko arreta zerbitzua kendu izanak gehiago zaildu ditu gauzak. Bost hilabete dira bulegoa itxi zutela.
Aldizkako aurrez aurreko zerbitzua eta diru-sartzeak egitea ahalbidetzen duen kutxazain automatikoa eskatzen dituzte. "Gora eta behera gabiltza diruarekin, txanponak eskatzeko zerbitzurik ez dugu herrian...", azaldu du janari dendako Bea Bouzasek. "Jokaldi makurra egin digute. Bizitza osoa Kutxan, eta orain hau. Ba ni beste entitate batera noa. Egin dut eskaera, eta asteon hasi naiz agiriak sinatzen".
Kutxarekin jarraitzen dute Elkoro botikan eta Haizea tabernan, baina ez gustura daudelako. "Uste dut beste entitateak ere antzera dabiltzala, eta saltsa handia da hornitzaile guztiekin datuak eguneratzea, baina sutan nago. Mesedez, makina hori diru-sarrerak egiteko modukoa izatea eskatzen dut. Orain dagoenarekin nik ez dut ezer egiten". Txanponetarako, berriz, jendearen borondatetik tiraka dabiltza. "Elizan jasotzen den dirua ekartzen didate aldatzeko, jendeak itsulapikoko txanponak ekartzen dizkit... Horrela gabiltza".
Haizea tabernako Bittor Gallastegik uste du banku gehienek berdin jokatzen dutela, eta bulegoak ixten ari direla gastuak murrizteko. "Eta gu bueltaka gabiltza dirua eramateko, kanbioak eskatzeko... Eta ilara handiak egiten ditugu, aldiro. Plazako kutxazainak diru-sarrerak egiteko aukera emango balu lagungarria izango litzateke".
Bolatokiko Mari Carmen Salas, harategiko Imanol Albizu eta Saioa Aranzabal masajista aspaldi aldatu ziren entitatez. Ez dute itxiera hainbeste sumatu, baina herriarentzat kalte handia izan dela uste dute. "Koinatua haserretu zen kontuan, gutxienez, 3.000 euro eduki behar genituela esan ziotenean", esan du Salasek. "Niri %4ko komisioa kobratu nahi zidaten kanbioak eskatzeagatik", azaldu du Albizuk. "Baina, zalantzarik gabe, itxiera kolpe gogorra izan da herriarentzat", gaineratu du.
"Nik ere kobratzen zizkidaten komisioengatik utzi nuen Kutxabank", azaldu du Saioa Aranzabal masajistak. "Banketxe berria ez da zerua, baina horrela daude gauzak".
Kutxazain hobea eskatzen dute

