Mankomunitateko Hondakinen Informazio Bulegoko Olatz Izagirrek zabaldu zuen Elgetako Aste Berdea, astelehenean. 2014ko abenduan jarri zen martxan kontrolpeko sarrera duen bosgarren edukiontzia herrian, eta hainbat datu eman zituen. 2014an, hondakinen %39,87 bildu zen gaika Elgetan. Tasa hori, ordutik, %73,5etik gorakoa da. 2016koa da daturik onena: %79,49. Ordutik, poliki-poliki jaisten doa.
Aurtengo datuei dagokienez, COVID-19ak eragina izan duela esan zuen Izagirrek; izan ere, zifrek behera egin dute apur bat, eta garrantzitsua da tendentzia horri buelta ematea.
Martitzenean berrerabilitako gauzekin egindako musika-tresnekin ikuskizuna egin zuen Trakamatraka taldeak 50 bat ikuslen aurrean.
Eguaztenean, Goiener taldeko Oier Etxebarria eta Eider Murgoitio izan ziren Elgetan. Berriztagarria den energiari buruz aritu ziren, etxeko kontsumo energetikoari buruz eta autokontsumoari buruz, izan indibiduala zein kolektiboa.
Atzo, berriz, Gorka Egia izan zen Espaloian. Kontsumo jasangarriagoa sustatzeko gakoak eman zituen; onartu zuen pertsona guztiek dituztela kontraesanak pentsatzen, sentitzen eta egiten dituztenen artean. Kontraesan horiek pixkanaka gainditu behar direla uste du. "Lehen pausoa da kontzientzia hartzea kontsumitzaile gisa dugun botereaz".
Asteburuan bi hitzordu
Zapatu eguerdian, errefusaren karakterizazioa egingo du Luar enpresak, herriko plazan. Ariketak balio izango du jabetzeko bereizi daitekeen zenbat hondakin dagoen edukiontzi grisean.
Domekarako, berriz, Lehenengo erreka auzolanean garbitzera joateko dei egin du Udalak. Aste Berdeari amaiera emateko ekintza izango da, eta familia giroan egiteko modukoa. Kantsatzeke Txikik bat egin du irteerarekin, eta antolatzaileek oinetako egokiak eta eskularruak ez ahazteko gomendioa egin dute. Taldea 10:00etan elkartuko da, plazan, eta oinez egingo dute joan-etorria.