Bi motor elektrikoetako bat matxuratu zaio kanpandorreko erlojuari

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ira. 16a, 09:27

Astebete inguru dago geldirik, eta atzo goizean izan zen antzerako erlojuak konpontzen espezialista den Alfonso Suescun gasteiztarra Elgetako kanpandorrean. Kalkulatzen du hamar bat egunen buruan erlojua martxan izango dela, berriz.

Bi motorretako bat matxuratu zaio. Hala esan du Gasteizko erloju-konpontzaile Alfonso Suescunek. Udal brigadako langile Enrike Perez Arantzeta Txikiturri-rekin batera igo zituen, atzo, kanpandorrera iristeko dauden 112-114 mailak; izan ere, bertan daude bai kanpaiak bai erlojuaren mekanismoa.

Udalarena da kanpandorrean dagoen erlojua. "Matxura oso larria ez bada lortzen dugu berriz ere abiaraztea, baina oraingoan espezialista baten esku-hartzea behar izan dugu", azaldu du udal brigadako langileak. "Oso ondo ibili da erlojua urte askotan. Suescunek dio duela zortzi urte egon zela hemen azken aldiz".

Erlojua atzeratzen edo aurreratzen bada pisuak nibelatu eta brigadakoek jartzen dute puntuan. "Udazkeneko eta udaberriko ordu aldaketak ere guk egiten dizkiogu. Horretarako ez dauka misterio handirik", dio Txikiturrik.

Hamar bat eguneko epean, martxan

Bi motor berriak hamar bat eguneko epean egongo ei dira prest. "Biak aldatuko ditugu. Urte asko dituzte eta garai berekoak izanik bigarrena ere hortxe-hortxe ibiliko da", esan du Suescunek. "Zailena erlojuaren ezaugarrietara eta neurrietara egokitzen diren motorrak aurkitzea izango da. Baina kalkulatzen dut astebete edo hamar eguneko epean erlojua berriz ere martxan jartzeko moduan izango garela".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak