Ferixa Nagusiko azoka jaietako ekintza garrantzitsuenetako da, nahiz eta aurten kaleak ez diren ganaduz, barazkiz edota artisauz beteko, askoren atsekaberako. Sebastian Arantzabal aritzen da baserritarren eta artisauen azoka antolatzen, eta adierazi du azken hilabetetan bizitako egoera dela-eta dagoeneko barneratu duela aurtengo jaiak egiteko aukerarik ez izatearena. Horrekin batera, azokan produktuak saltzen dituzten saltzaileak izan ditu gogoan: "Egoera hau gehien pairatzen arituko direnak azokan izaten diren saltzaileak izango dira, azokaz azoka aritzen direlako euren produktuak saltzen eta egoera honek geldi egotea dakarrelako".
Ganaduzaleak ere izaten dira protagonista Elgetako jaietako azokan. Agustin Beretxinaga da, besteak beste, bere ganadua azokara eramaten duenetako bat, eta azoka antolatzen aritzen dena. Hala, aurten, koronabirusak eragindako egoerari ganaduen osasun legearen afera gehitu behar zaiola adierazi du: "Pandemia iritsi ezean, zaila zatekeen azoka bere horretan antolatzea, arau batzuk bete behar direlako eta ia ezinezkoa izango zelako ganadua azokara eramatea".
Artisauak
Pili Arin elgetarrak urtero izaten du postu bat azokan,, eta bertan saltzen ditu berak eskuz egindako eskulanak. Aurtengo azokarako, gainera, prest zituen eskulan berriak, baina, jaiak bertan behera geratu zirela jakitean, banatzea erabaki zuen: "Penaz hartu dut albistea. Aurten, amets-harrapariak eginda neuzkan, berritasun gisa, baina lagunartean eta familian banatu ditut".