Gaur izan da Kutxabankek Elgetako bezeroak Elgetan bertan hartu dituen azken, bulegoa itxi eta bihartik aurrera Bergaran emango dietelako zerbitzua bezero horiei. Modu horretan, herria ez da egongo banketxeren baten ere sukurtsalik.
Eta horren aurrean, Xalbadorpe erretiratuen elkarteak deituta, elkarretaratzea egin dute plazan. Elgetako erretiratuek, bestelako herritarrek eta beste herri batzuetatik joandako pertsonek hartu dute parte bertan Kutxabank bulegoa ez itxi leloarekin. Aurrerantzean Kutxabankekin hartu-eman izan gura duten herritarrek Bergarako bulegora joan beharko dute, edo gestioak internet bidez egin. eta Xalbadorpetik horrek erretiratuendako ekarriko dituen eragozpenak azpimarratzen dituzte.
Elkarretaratzean egon den Iraitz Lazkano alkateak, azpimarratu du, beste behin, tristea dela Elgetako bulegoa ixtea, eta bereziki adinekoak eta herriko komertzio txikiak koplatuko dituela. Bai Xalbadorpekoak eta baita Elgetako Udala ere izan dira hartu-emanetan azken asteotan Kutxabankekoekin herrian dagoen sukurtsal bakarra ez ixteko, baina eskariek ez dute fruiturik eman.
Xalbadorpetik, era berean, gertu agertu dira banketxearekin gestioak egiteko zailtasunak dituzten herritarrei laguntzeko.
"Gero eta gutxiago erabili" bulegoa
Bulegoa itxiko zela iragarri zutenean, Goiena jarri zen harremanetan Kutxabankekin; bertako ordezkariek azaldu zuten Interneten erabileraren ondorioz elgetarrek gero eta gutxiago erabiltzen zutela bulegoa, eta banketxe guztien joera dela aurrez aurreko zerbitzua emateko bulego handien aldeko apustua egitea.