ALBISTEAK

20.000 euro diru-laguntzetan COVID-19ak Elgetan eragindako kalteak arintzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mai. 28a, 09:30

Modu telematikoan egin zuten osoko bilkura martitzenean, eta aho batez hartutako neurrietako bat da hori. 2019ko gerakineko 63.000 euro zertara bideratu, eta Kutxabank bulegoaren itxieraren aurkako adierazpen instituzionala ere adostasun osoz onartu zituzten.

COVID-19ak Elgetan eragindako kalteak arintzeko bi diru-laguntza lerro sortu ditu Udalak. Partidarik handiena –15.000 euro– merkatariei, ostalariei eta negozio txikiei bideratutakoa da. Iraitz Lazkano alkateak azaldu du eskatzaileek hileko 400 euro jasotzeko aukera izango dutela galdutako jarduna osoa izan den kasuetan. Hileko beste 100 euroko laguntza aurreikusten da jardun osoan kontratatutako langile bakoitzeko. "Datu absolutuak dira, eta modu proportzionalean aplikatuko dira", azaldu du alkateak.

Bigarren diru-laguntza lerroa –5.000 euro– familien kontziliaziora bideratzen da; izan ere, 12 urtera arteko seme-alaben edota dependentzia duten pertsonen zaintzara bideratutako laguntza da. Hileko 250 euroko laguntza dago aurreikusita kontziliazio kontuak tarteko pertsona bat kontratatu bada –jardun osoan– edota lanean jardunaldi osoko murrizketa hartu bada. Kasu honetan ere kopuru absolutuak dira, eta modu proportzionalean aplikatuko dira.

"Eskari gehiago balego adostutako diru kopuru totala baino, modu proportzionalean banatuko da", zehaztu du Lazkanok. Oposizioaren adostasunarekin onartutako neurria da. "Ondo justifikatu beharko dira gauzak, eta beste erakundeetatik ere egongo dira laguntzak, baina Elgetako Udalak, bere neurrian, laguntzatxo bat ematea ondo iruditzen zaigu", esan zuen EAJko bozeramaile  Aintzane Oiarbidek.

Hondakinen tasan ere laguntza 

Laguntza zeharka emateko beste aukera bat ere baliatuko du Udalak; izan ere, alarma egoeragatik derrigorrez itxita egon diren negozioek 2020ko bigarren hiruhilekoari dagokion hondakinen tasa ez kobratzeko eskaera egiteko aukera izango dute. Eskaerak udaletxeko erregistroan zein emailez egin daitezke. Neurria begi onez ikusi du oposizioak.

Kezka enpresen egoerarekin 

Jeltzaleak, hala ere, kezka agertu zuten enpresen egoerarekin. "Garrantzitsua deritzogu industrialdean dauden enpresen egoera zein den jakitea. Komeni da guztiak zerrendatzea eta ikustea zein egoeratan dauden. Lanpostuak daude jokoan, eta ez da lagata uzteko moduko kontua. Gainera, Udalak diru-bilketa izan dezan eta zerbitzuak eman ditzan beharrezkoa da jarduera ekonomikoa egotea herrian".

Ados agertu zen alkatea. "Lanketa orokor horretan dabil Garapen Agentzia. Sektore ezberdinetako enpresen egoera zein den eta aurreikuspenak zeintzuk diren ikusten ari da. Hurrengo txostena entregatzen digutenean landuko dugu gaia; izan ere, hurrengo bi urteetan, gutxienez, gai oso potoloa izango da". 

Gerakinaren erdia bideratuta 

Udalak 131.000 euroko gerakinarekin itxi zuen 2019ko ekitaldia. Bada, udalbatzak hainbat erabaki hartu ditu partida horretako 63.000 eurori dagokionean. Erabaki dute 24.200 euro udal langile baten aurretiazko erretirora bideratzea. Gainerakoan, 20.000 euro COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko diru-laguntzetarako izango dira, 8.800 euro hilerriko kolunbarioaren lanetarako, 5.000 euro haur eskolako galdara berritzeko, eta beste 5.000 euro baserritarren batzordeko lanetarako.

Kutxabank auzia 

Gai honetan ere bat datoz bi talde politikoak, eta bulegoa ixteko erabakiaren aurrean adierazpen instituzional bateratua onartu dute. Bertan, elgetarren gaitzespena adierazten diote Kutxabank erakundeari. Atzera egin eta bulegoa mantentzeko eskaera egiten diote. Gaineratzen dute Udalak ahalegina egiten jarraituko duela bulegoa itxi ez dadin, eta adierazten dute Xalbadorpe erretiratuen elkartearen sinadura jasotzearekin bat egiten dutela.

Elkarlan giroa

COVID-19ak sortutako alarma egoeran elkarlanerako jarrerak lehenetsi behar direla adierazi zuten talde politiko bietako ordezkariek. "Ezohiko egoera batean gaude eta azpimarratu nahiko nuke uneoro egon garela Iraitz eta biok COVID-19aren eraginaren jarraipena egiten. Prest egon gara ahal zen guztietan laguntzeko. Uste dut horrelako egoeratan denok bat egin behar dugula eta horrela egin dugu oposizioak eta Udal Gobernuak", esan zuen Oiarbidek.

"Eskertzen da elkarlanerako disposizioa", erantzun zuen Lazkanok. "Oso argi dugu aurrera egiten ditugun pauso guztiak zenbat eta jende gehiagorekin adostuta egin eta harreman hori zenbat eta gertukoagoa izan askoz errazagoa dela bai erabakiak hartzea bai adostasunak bilatzea. Aurrera begira ere bide horretan jarraitzea espero dugu".

COVID-19aren ondorioz hildako elgetarra izan zuen gogoan Oiarbidek. "Taldearen izenean familiari besarkada bat bidali nahiko genioke adieraziz gure sentipena eta gure samina. Eta gaixorik daudenei lehenbailehen sendatzea eta osatzea opa diegu".

 

 

 

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak