Otsailaren 8an egun osoko festa Mendi Mendia Racing taldeko auto gidarien eskutik

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urt. 29a, 11:12

Otsailaren 8an izango da Mendi Mendia Racing jaialdiaren laugarren edizioa. Auto erakusketa, bazkaria eta kontzertuak iragarri dituzte. Nabarmentzekoen artean da Ostiada Oi! taldearen kontzertua. Elgetako auto-gidariak eta kopilotuak buru-belarri dihardute festa eguna antolatzen.

Mikel Beretxinaga, Oskar Sarasua eta Asier Unzetabarrenetxea hasita daude denboraldi berria prestatzen. Ez daude bakarrik; izan ere, hiru auto gidariek hainbat lagun eta zale dituzte inguruan. Autoak prestatzen ari dira egunotan: alde batetik, laster hasiko direlako denboraldi berriko lasterketak; eta, bestetik, azken urteotan moduan ate joka dagoelako Mendi Mendia Racing jaia.

Otsailaren 8rako iragarri dute egun osoko jaia. Auto erakusketa, bazkaria eta goizaldera arteko kontzertuak prestatu dituzte. "2017an, 60 bat lagun izan ginen. Iaz, berriz, 165. Urtean urtean gora doa elkartzen den jende kopurua. Ea aurten ere jendea animatzen den", adierazi du Oskar Sarasuak. Aurreko denboraldia ez zen denendako berdina izan. "Ondoen Mikel Beretxinaga ibili zen", azaldu du Sarasuak. "Autoak, oraingoz, garajean daude. Iazko berdinak izango dira".

Unzetabarrenetxeak BMW M3 e36 autoa gidatuko du, Mikel Beretxinagak BMW e36 325i autoa, eta Oskar Sarasuak Citroen Saxo 16v bat.

Txartel salmenta martxan da

Mendi Mendia Racing jaiko egitaraua aurreko urteetako antzerakoa da. Auto erakusketan, hori bai, auto klasikoak izango dira aurten. "Gure hiru autoak plazan izango dira, eta horiekin batera 25 urtetik gorako auto klasikoak", azaldu du Sarasuak.

Otsailaren 5a da txartelak erosteko azken eguna. Bazkarirako txartela, kontzertuak barne, 18 euro da. Kontzertuetarako sarrera, berriz, 5 euro da. Taula gainean izango dira aspaldiko partez Ostiada Oi! taldeko kideak. Baita ere Barne Guda talde bergararra eta Azken Sustraiak talde beasaindarra. Sarrerak eskura daitezke El Rincon de Lolan, Bergarako Arranoan edo 608 67 64 42 telefonora deituta. "Kamisetak ere aterako ditugu aurten", jakinarazi dute.

Jaialdian bildutako diruaren zati bat umeen gaitz larrien edo onkologikoen ikerketa bultzatzea helburu duen Super H elkartera bideratuko dute. Gainerakoa izango da lehiaketetara laguntzera hurbiltzen diren adiskideen dietak eta autoen bestelako gastuak ordaintzeko.

Intxortako rallysprinta

Denboraldiko egutegia zehazteko dute Elgetako auto gidariek. Aurten, ordea, albiste da uztailean jokatzekoa den Intxortako rallysprinta. "Erlojupeko zatia zein izango den ez dakigu. Baliteke Angiozar-Kanpanzar izatea. Amasgas da antolatzailea. Euskadiko txapelketarako proba puntuagarria izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak