Langileek Mendizaleen plazan egin dute elkarretaratzea eta Lortu dugu! Gaurko borroka biharko enplegua irakur zitekeen zabaldu duten pankartan. LAB sindikatuko Zorion Ortigosak albiste pozgarritzat jo du gaurkoa beti ere "Cie Alurecy-ko Elgetako lantokiaren itxierak suposatzen duen albiste txar horren barruan".
Jakinarazi du gaur egindako batzarrean langileek aho batez erabaki dutela LABek enpresarekin lortu duen akordioa ontzat ematea. "Akordioak jasotzen duena da hasieratik aldarrikatu duguna: lantokiaren itxiera erabat bidegabea dela, eta Cie Automotive taldeak langile bakoitzari lanpostua bermatu behar diola, gutxienez. Hala, akordioaren arabera langile bakoitzak aukera izango du Cie Automotive-ko beste lantoki batean lanpostu bat edukitzeko. Zein baldintzatan? Orain arte zituzten baldintza berdinetan, gutxienez. Azkenean, Gasteizko lantokirako birkokapenak lortu ditugu, bai Gasteizerako eta bai Orozkorako. Uste dugu birkokatze plan honetan jasotzen diren lantokiak egoera onean daudela, eta inbertsioak egiten ari direla, eta etorkizuna duten lantokiak direla".
Ortigosak adierazi duenez langile bakoitzak, gainera, aukera izango du erabakitzeko birkokapena onartu nahi duen edo ordain saria jaso nahi duen.
Birkokapen prozesua mailakatua izango dela zehaztu du "Orain epe bat irekiko da non langile bakoitzak esan beharko duen zein aukera hautatzen duen; birkokapena edo orain-saria".
27 egun greba mugagabean
Langileek lanpostuen defentsan egindako lana nabarmendu du Ortigosak. "Harrotasun sentimendua dago langileen artean. Uste dugu greba egin izan ez balute, eta 27 egun hauetan greban izan ez balira egoera oso bestelakoa litzatekeela, eta benetan ez luketela lortuko inongo birkokapen eskubiderik. Langile talde honen borroka eredugarritik ateratzen dugun ikasgai nagusia da borrokatzeak merezi duela eta ezinezkoak diruditen hormak puskatzeko aukera ematen duela elkartasuna baldin badago eta borroka egiteko gaitasuna baldin badago".