CIE Automotive Taldearen barruan dago Elgetako lantegia, eta ekainean jakinarazi zien zuzendaritzak langileei urte bukaeran berau ixteko asmoa zutela. Langileen ordezkaritza duen LAB sindikatutik, azaldu dute hilabete hauetan izandako negoziazioetan ez dela ia aurrera egin eta zuzendaritzak ez duela bermerik eman langileak taldeko beste lantegi batzuetan birkolokatzearen inguruan. Gaur bertan izan dute zuzendaritzarekin azken bilera, fruiturik eman ez duena.
Sindikatutik gaineratu dute zuzendaritzak benetako borondatea balu, konponbidea oso erreza dela, Elgetako lantegitik kilometro gutxira CIE Automotive Taldeak lan karga handia duten lantegi gehiago dituelako. Sindikatuaren arabera, lan faltagatik baino, zuzendaritzaren erabakien ondorio izango da Elgetako lantegiaren itxiera.
Aurrera begira, mobilizazio ezberdinak egiteko asmoa eta erakundeetara joateko asmoa dutela adierazi dute LABetik. Goiena saiatu da enpresaren zuzendaritzaren iritzia jasotzea, baina momentuz ez du erantzunik jaso.