Zebra-muskuiluaren hedapenari jarraipena egiteko ur azterketa genetikoak, Aixolan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ira. 12a, 16:29

Eguaztenean, ur laginak hartzen aritu ziren hainbat lagun. Aurrerantzean ere uraren analisi genetikoak eta ale helduen kontrolak egingo dituzte. Uraren analisiak urtean lau egingo dituzte, eta ale helduen kontrola urtean behin.

Martxoan zebra-muskuilu ale heldu bat atzeman zuten Aixolan. Ur maila jaitsi eta jarraipena egiteko konpromisoa hartu zuten erakunde arduradunek. Abuztuaren 28an egindako azterketan, berriz, beste bost ale aurkitu zituzten, eta honek konfirmatzen du espezie inbaditzailea hasita dagoela urtegian ugaltzen.

Aixola da Gipuzkoako lehen urtegia non zebra-muskuilua atzematen duten. Ebro ibaian atzeman zuten lehen aldiz. Nafarroan, Araban eta Bizkaian hainbat eremu kolonizatu ditu dagoeneko, eta kezka iturri da noski; izan ere, badirudi Gipuzkoa ez dela libratuko.

Espeziearen ugaltzea kontrolatzea da orain egitekoa. Eguaztenean, ur laginak hartzen aritu ziren hainbat lagun. Larbak badaudela jakinekoa da. Aurrerantzean jasotako laginak analizatuko dituzte zein kopurutan dagoen neurtzeko. Espeziea erradikatzea zaila izango da. Helburua orain kontrolpean edukitzea da edo gutxienez jakitea egoera zein den. 

Gipuzkoako Ur Agentzia eta Ur Partzuergoa ari dira lan horietan. Banatuta dituzte lanak. Aurrerantzean ere uraren analisi genetikoak eta ale helduen kontrolak egingo dituzte. Uraren analisiak urtean lau, eta urtean behin ale helduen kontrola egingo dute.

Arrantza eta ur kirolak debekatuta

Espeziearen hedapena kontrolatzeko garrantzitsua da erakundeek hartutako neurriak errespetatzea. Ur laginak eta kontrol behaketak egiten dituzten teknikariek ere lan handia hartzen dute erabilitako material guztia desinfektatzen larben garraioa ekiditeko.

Kolonizazioa hasiera fasean dagoela esan dute adituek. Urtegian hormako bi bazterrak aztertu dituzte eta horrekin batera Aixola errekaren hainbat eremu urtegitik behera. Guztira errekako 400 harri aztertu dituzte.

Espezie inbaditzailea

Zebra-muskuilua espezie inbaditzailea da. Oso azkar ugaltzen da eta arriskuan jartzen ditu bertako landareak eta espezieak. Haien bizilekua eta elikagaiak bereganatzen ditu, eta oso kaltegarria da. Eragin ditzakeen kalte ekonomikoak ere ez dira nolanahikoak. Ur bareko leku ilunak ditu gustuko, eta asko gustatzen zaio hoditerietan-eta sartzea. Kalte handiak eragin ditu, batez ere, ureztatze sistemetan. 

Ur Agentziako Fran Silvan teknikariak eta Ekolur-Anbiotek ABEEko Manu Rubiok eman dizkigute xehetasun gehiago.

 

Zebra-muskuilu larbak mikroskopiotik ikusita. (iturria: Ekolur-Anbiotek ABEE).

 

Abuztuan Aixolan atzemandako bost zebra-muskuiluak. (iturria: Ramiro Asensio)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak