Aho batez onartu dute Alurecyko langileek aurkeztutako mozioa

Maialen Regueiro 2019ko uzt. 31a, 11:36

Osoko bilkura izan zen atzo, Elgetan eta gaietako bat Alurecy SA-ko langileek aurkeztutako mozioa izan zen. LAB sindikatuko ordezkari batek mozioa irakurri zuen pleno aretoan, eta aho batez onartua izan zen proposamena. Hala, enpresari mozioaren onarpena jakinaraziko zaio. 

Alurecyko langileak dagoeneko mobilizazioak egiten ari dira, abenduan enpresa itxi nahi duelako zuzendaritzak. Guztira, hemeretzi langilek egiten dute lan Elgetako lantokian eta horietako asko, atzoko osoko bilkuran izan ziren LAB sindikatuko ordezkariarekin batera. 

LAB-eko ordezkariak egoeraren berri eman zuen: "Orain arte enpresarekin egin ditugun bileretan ez dugu askorik aurreratu. Langileei dirua eskaini diete edota Orozkon lana egitea, baina kasu horretan, lan-baldintzak zeintzuk izango diren ez dakigu. Irailaren 6an beste bilera bat izango dugu eta bilera horren ondoren egoera ez bada aldatzen, mobilizazioak aregoatuko ditugu". 

Mikel Romanelli, Alurecyko langilea da eta osoko bilkuraren ostean, honakoa adierazi zuen: "Egoera larria da. Langile gutxi gara eta horietako batzuk 50 urtetik gorakoak dira, oso zaila delarik adin horretan lana aurkitzea. Argi dago, denborarekin jokatzen ari direla beraz, mobilizazioekin jarraituko dugu eta irailaren 6ko bileraren ostean aldaketarik ez badago erabakiak hartu beharko ditugu". 

Kreditu gehigarriaren proposamena

Oso bilkurako beste gaietako bat kreditu gehigarriarena izan zen. Izan ere, udalak beharrezkoa ikusten du, hainbat udal zerbitzuek dituzten premiei aurre egiteko gerakinetako dirua erabiltzea. Hala, 216.000 euroko gerakinarekin hainbat premia asetuko dira, besteak beste, kableatua berritzea, kaleak garbitzeko makina bat erostea eta eguzki plakak jartzea. Proposamen hau ere aho batez onartua izan zen. 

Kalea garbitzeko makina

Kaleak garbitzeko makina berria erosteko proposamenaren inguruan ere hitz egin zen atzo. Izan ere, asmoa da makina berri bat erostea, gaur egun erabiltzen dena zaharkitua geratu baita. Horretarako, 105.000 euro bideratuko ditu udalak. Kasu honetan ere, aho batez onartu zen proposamena. 

Baso pista eta bideen erabileraren ordenantza

Gai hau ere hizpide izan zen osoko bilkuran. Izan ere, Iraitz Lazkano alkateak adierazi zuen, baserritarren batzordean baserritarrekin landutako gai bat dela eta arazoa aspalditik datorrela. Izan ere, hainbat baserri auzotara iristeko bidea oso estua da eta trafiko arazoak sortu izan dira horregatik. Hala, pista zein bide horien erabilera berezia arautzen duen ordenantza aldaketa proposatu zen atzo eta aho batez onartua izan zen. Alkateak adierazi zuen, lehen pertsonan ikusi duela baserri horien egoera eta aurrerantzean, baimenduek izango dutela aukera horiek erabiltzeko. Aintzane Oiarbide, EAJko bozeramaileak ere bat egin zuen proposamenarekin eta azpiegituretako diputatua izan zenean egoera honen berri izan zuela aipatu zuen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak