Bederatzi batzorde iraunkor izango ditu agintaldi berriak eta udalbatza bi hilean behin elkartuko da

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko uzt. 10a, 09:47

Udal osoko bilkurak bi hilean behin egingo dira agintaldi berrian, eta informazio batzorde iraunkorrak –guztiak EH Bilduko zinegotzien kargu– bederatzi izango dira. Alkateak, agintaldi honetan, 35.224 euroko soldata gordina jasoko du.

Elgetako udalbatza berriak atzo, martitzena, egin zuen agintaldiko lehen osoko bilkura. Hurrengo lau urteetako funtzionamendua zehazteko bilkura izan zen, eta onartutako lehen erabakia udalbatza elkartzeko maiztasuna zabaltzea izan zen. Hala, hilean behin beharrean bi hilean behin elkartuko da hil horretako azken martitzenean, 19:00etan.

"Udal txikiek hiru hilean behineko maiztasuna izan dezakete, eta planteamentua da bi hilean behin ohiko osoko bilkura egitea, eta beharra badago tarteko hilean ezohiko deialdia egitea", azaldu zuen Iraitz Lazkano alkateak. "Orokorrean udaletxe honetan osoko bilkurak nahiko laburrak izaten dira. Batzordeen bidez funtzionatzen dugunez erabaki gehienak batzordeetan hartuta egoten dira".

Kontrakotasunik gabe udalbatzak guztien adostasunarekin onartu zuen aldaketa.

Bederatzi batzorde iraunkor

Agintaldi berriak bederatzi informazio batzorde iraunkor izango ditu, guztiak EH Bilduko ordezkarien ardurapean. "Moldaketa batzuk egin ditugu, baina orokorrean aurreko bidetik jarraituko dugu. Bederatzi batzorde iraunkor izango dira, eta beharren arabera deituko den jai batzordea izango litzateke hamargarrena", azaldu zuen Lazkanok.

Batzorde horiek eta batzorde buruak dira:

  • Memoria historikoa eta turismoa: Iraitz Lazkano.
  • Ingurumena: Ibai Larrañaga.
  • Kultura eta euskara: Ane Bilbao.
  • Hezkuntza eta gazteria: Ibai Etxaniz.
  • Kirolak: Ibai Etxaniz.
  • Baserritarrak: Sebastian Arantzabal.
  • Ongizatea eta berdintasuna: Garbiñe Irazabal.
  • Obrak, zerbitzuak eta hirigintza: Iraitz Lazkano.
  • Ogasuna eta pertsonala: Iraitz Lazkano.
  • Jaiak: Iraitz Lazkano.

EAJko ordezkariak abstenitu egin ziren puntu honetan. "Uste dugu batzorde gehiegi direla. Ez dut oraindik ezagutzen zein eduki egongo den, baina Hondarribia moduko herri bat kudeatzen bada lau batzorderekin gure iritziz Elgeta kudeatu daiteke batzorde gutxiagorekin", adierazi zuen Aintzane Oiarbidek.

Lazkanoren erantzuna izan zen batzordeen kopuruak ez duela loturarik zinegotziei lan gutxiago edo gehiago suposatzearekin. "Gure helburua da erabakiak herritarrekin batera hartzea eta nahi duguna da gaiak ahalik eta zehatzenak izatea". Azaldu zuen batzordeen banaketa erabaki dela gai konkretuak lantzeko aukera emateko, eta parte hartzea errazteko. "Baditugu herritarrak bakarrik euskara batzordera etortzen direnak. Jarrita euskara, gazteria, kirola, kultura… akaso ez lirateke etorriko. Gobernu batzordea osatu eta horrekin bakarrik ere funtziona dezake Elgetak, baina herritarrei parte hartzeko aukera ematea nahi dugu".

Batzorde iraunkorrak egiteko egunen inguruko informazioa ere eskatu zuen Oiarbidek. Esan zuen ez dutela garaiz jaso eta eskatu zuen aurrerantzean errespetatzeko informazio guztia gutxienez ohiko osoko bilkura egin baino 48 orduko aurrerapenarekin bidaltzeko betebeharra. Baietz erantzun zion Lazkanok. Esan zuen jaiak izan direla-eta tarte txikia izan dutela oraingoan.

Alkatearen soldata eta zinegotzien dietak

Bi talde politiko izango dira Elgetan agintaldi berrian; EH Bildu eta EAJ. EH Bilduko bozeramailea Iraitz Lazkano izango da eta EAJrena Aintzane Oiarbide.

Talde politiko bakoitzak 20 euroko ordainketa finkoa jasoko ditu hilero, eta horrekin batera 15 euro hilean zinegotziko.

Zinegotzien dietei dagokienean parte hartu izandako udalbatza bakoitzeko 25 euro jasoko ditu hautetsi bakoitzak, eta batzordeburu direnek beste 35 euro hileko. Alkate salbuespena da kasu honetan. Ez du osoko bilkuretan parte hartzeagatik dietarik jasoko ez eta batzordeburu izateagatik ere.

Soldatari dagokionean 35.224 euroko soldata gordina izango du alkateak agintaldi berrian. Aurreko agintaldi hasieran onartutakoa 25.827 eurokoa izan zen.

Kasu honetan ere informazioa garaiz jaso ez izana adierazi zuen EAJko bozeramaileak. "Emailez eskatu dizut goizean, baina ez dut jaso", esan zuen. "Ez dut emailik jaso", erantzun zion Lazkanok harrituta.

Ordainsarien atala ahobatez onartu zuen udalbatzak.

Udal ordezkariak kanpoko erakundeetan

Atzoko osoko bilkuran, bestalde, Elgetako Udalak kanpoko erakundeetan izango dituen ordezkariak izendatu zituzten.

  • Debagoieneko mankomunitateko gobernu juntarako: Iraitz Lazkano.
  • Suradesako batzorde orokorrerako: Iraitz Lazkano.
  • Gipuzkoako Ur Partzuergorako: Iraitz Lazkano.
  • Landa Garapeneko elkarterako: Sebastian Arantzabal.
  • Herri Eskolako kontseilurako: Ibai Etxaniz.
  • Domingo Iturbe fundaziorako: Iraitz Lazkano.
  • Elkarkidetzarako: Iraitz Lazkano.
  • Uemarako: Ane Bilbao eta Iraitz Lazkano.
  • Zubillagako hiltegirako: Sebastian Arantzabal.
  • Eudelerako: Iraitz Lazkano.

Bideberri mankomunitaterako Garbiñe Irazabal, Ane Bilbao, eta Iraitz Lazkano proposatu zituen EH Bilduk, baina Aintzane Oiarbidek EAJko ordezkari bat sartuko luketela adierazi zuen. EH Bilduko ordezkariak ados agertu ziren. Ondorengo egunetan adostuko dituzte izendapen horiek.

Alkateordeei dagokienean Sebastian Arantzabal eta Ane Bilbao izendatu dituzte. Hurrengo osoko bilkura uztailaren 30ean izango da.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak