Imanol Albizu 'Goikoetxe': "Etxean egiten ditudan beste jasoaldi plazan eginda, ni pozik!"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mai. 2a, 14:00

Elgetako harakinak hitzordu garrantzitsua du zapatuan, Azpeitian. Zezen plazan elkartuko da 'Izeta IV'.arekin urtarrilean hitzartutako apustua jokatzeko. Urteak dira ez dela antzerako harri-jasotze apusturik jokatzen eta ikusmira sortu dute.

Badator egun handia. Zelan ikusten duzu zure burua?

Egin beharreko lanak eginda daude, eta egunaren zain nagoela esango nuke. Ailegatzen denean dagoena erakutsi beharko dut.

Nola joan dira prestaketa lanak?

Ondo. Denean moduan gorabeherak beti egoten dira, baina orokorrean gustura nago.

Apustua da hamar minutuan zenbat jasoaldi egin hamar arroako edo 125 kiloko harri kubikoarekin. Zelan ikusten duzu orain urtarrilean onartutako erronka?

[Zalantza] Prestaketa lanarekin gustura nago eta lan polita egiteko aukerarekin ikusten dut nire burua. Ilusioarekin nago. Hori bai, errespetua diot plazari. Ikusi egin beharko da zein gorputzaldi dudan, nerbioetatik zer moduz nabilen eta plazara zelan irteten naizen. Beteta ikusteak errespetua ematen du beti.

Martxoan jokatu nahi zenuen zuk apustua. Azkenean, maiatz hasierarako adostu zenuten. Eragina izan du tarte horrek zure sasoi puntuan?

Preparatzeko orduan lasaiago hartu dut, eta moldatu egin naiz horretara, baina egia da nahiko luze egin zaidala; izan ere, azkenean, abenduan hasi ginen. Baina iritsi da ordua, eta listo.

Apustuak oihartzun handia lortu du. Hedabideetan ere egin duzu masterra honezkero.

Egia esan ez nuen uste horrelako dimentsiorik hartuko zuenik kontuak.

Apustularirik gerturatu zaizu?

Kurioso bakarren bat beti agertzen da, baina horiek ere egunean bertan ikusiko dute dagoena.

Ondo ibiltzeko zenbat jasoaldi egitea gustatuko litzaizute?

[Barre] Etxean egiten ditudanak plazan eginez gero, ni pozik!".

Eta apustua irabazteko zenbat egin beharko dituzula sute duzu?

Auskalo! Ezin da jakin. Izeta IV.a ere isilean dabil lanean.

Azken egunotan zein martxa izan duzu bihar onenean egoteko?

Lasai-lasai ibili eta gorputza bere onera ekartzea izan da egitekoa egunean bertan fresko-fresko eta topera egoteko.

Irrikaz egongo zara eguna iristeko.

Ailegatzeko baino pasatzeko! [Barre].

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak