Kinka larrian jarraitzen du intsinis pinuak

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mar. 12a, 13:02

Gaixotasunak kezka handia sortzen du Elgetan ere; izan ere, zuhaitz landaketek 1.441 hektarea hartzen dituzte udalerrian, eta horietatik 926 pinudiak dira. Estimazioa da, batez beste, pinu landaketen herena dagoela gaitzak jota.

Udalak eta Nekazarien Kooperatibak elkarlanean antolatuta, gaiaren inguruko mahai ingurua egin zuten herrian, eta 70 bat lagun elkartu ziren bertan.

Asko zabaldu da gaixotasuna aurreko udaberrian, eta sektoreko eragileak oso kezkatuta daude. Argi dago, baita ere, iritzi kontrajarriak daudela gaitzari aurre egiteko aplikatu beharreko tratamenduaren inguruan zein etorkizunera begira bultzatu beharreko baso ereduaren inguruan.

Tratamendua

Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ez du baimendu kaltetutako pinudiak oxido kuprosoarekin airez fumigatzea. Urrian eskatu zuten baimena EAEko hiru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, eta aurreko astean iritsi zen erantzuna. Aldiz, EAEko 1.050 hektarea pinuk jasoko dute Neikerrek sortutako beste tratamendu bat. Oxido kuprosoa erabiliko dute izurriteari aurre egiteko, baina eremu mugatuan eta modu esperimentalean. Urtebete pasatu eta emaitzak ikusi ondoren erabakiko dute hedatu edo ez.

Zeelanda Berrian oxido kuprosoarekin lortutako emaitzak nabarmentzen dituzte baso jabeek, baina substantzia hori kaltegarria dela eta akuiferoetara iritsita lurralde osora zabalduko dela diote naturaren kontserbaziorako ordezkariek. Nabarmentzen dute Zeelanda Berria azalera oso handikoa dela eta pertsona dentsitate oso txikia duela, eta Gipuzkoan oso bestelakoa dela egoera.

Gipuzkoako baso elkarteak ohartaraz-ten du tratamendu eraginkorrik ez dagoenez, intsinis pinua baztertu eta beste espezie batzuen aldeko apustua egiten hasiak direla baso jabeak.

 ---

FERNANDO OTAZUA - Gipuzkoako baso elkartea

"Beste espezie batzuk landatzen hasita gaude"

"Gaixotasunari aurre egiteko irtenbide bat topatu behar da, eta oxido kuprosoa aipatzen dute adituek, baina baimenik ez daukagu. Eta baso jabea ez da inozoa. Gaixotasuna dela-eta behar baino lehen bota behar izan badu pinudi bat, beste espezie batzuen aldeko apustua egingo du, azkenean. Berez, hasita daude. Gipuzkoan, esaterako, cryptomeria japonikoa, Douglas izeia, sekuoia eta eukaliptoa nabarmentzen dira. Gogoan izan azken horrek ez duela dirulaguntzarik".

 

IÑAKI AIZPURUA - Naturkon taldea

"Baso kudeaketan beste eredu bat beharko genuke"

"Oxido kuprosoa nekazaritza ekologikoan erabiltzen da, baina Gipuzkoa batean 50.000 hektarea tratatzea beste eskala bat da, uretan eragin bereziki txarra duelako. Lurrak jabe bat du, konforme. Baina besteok ere badugu zer esan: gure paisaia eta gure osasuna ere jokoan daude. Pentsatzen dugu batzuei mesede bat egiteagatik beste askori kalte egingo diotela, eta hori da gure kezka. Administrazioak parte hartu beharko luke eta baso kudeaketarako beste eredu bat bultzatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak