Elgeta, euskal mendizaleen topaleku

Txomin Madina 2019ko mar. 10a, 18:58

Euskal Herriko Mendi Federazioak antolatuta, Ibiltarien jaia egin dute gaur Elgetan. 120 lagun inguru elkartu dira aurten herrian bertan hasi eta amaitu den 25 kilometro inguruko bidea egiteko; eta horietako 69k finalisten diploma jaso dute.

08:00etan Elgeta herrigunetik abiatuta, Intxorta, Erdella, Santamarinazar, Egoarbitza, eta Azkonabietatik igaro den 25 kilometro inguruko ibilbidea egin dute gaur 120 mendizale inguruk.

Horietako 69k, gainera, finalisten diploma jaso dute ibilbidea bukatzean; 2018an Federazioak antolatzen duen Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien zirkuituko zortzi ibilbide – eta horietatik bost lurralde ezberdin batean– egin zituztenek, hain zuzen ere. Eta behin gaurko proba bukatu eta arropaz aldatu ostean, Bolatokian elkartu dira horietako asko elkarrekin bazkaltzeko.

Mendian, lagunarte ederrean

Amorebietatik, Gasteiztik, Arrasatetik... Euskal Herriko hainbat txokotatik joandako mendizaleak elkartu dira Elgetan; eta denek ere aipatu dute urtean zehar egiten dituzten iraupen luzeko ibilaldietan, mendiaz bakarrik ez, parte-hartzaileen artean sortzen den giroaz eta lagunarteaz ere asko gozatzen dutela.

Argi utzi dute gainera, mendian ibiltzeko ez dagoela adinik; horren adibide, finalisten artean egon den Amadeo Ezpeleta 82 urteko arrasatearra. Zentzu horretan, Federazioko diruzain  Josean Arriolak gazteei egin die dei zirkuituan parte hartzera animatzeko: "Ile zuridun asko ikusten ditugu, baina gazteak faltan igartzen ditugu... Txantxetan esaten dugu koldarrak direla, mendian korrika bakarrik ikusten ditugulako". Eskerrak eman dio gainera Elgetako Udalari gaurko eguna antolatzeko jasotzen duten laguntzagatik.

Erlazionatuak

Ibiltarien jaia, iruditan

Txomin Madina 2019 mar 10 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak