Martxoaren 8ko lan greba deialdia desadostasun iturri Elgetako udalbatzan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ots. 27a, 13:13

Emakumeen Nazioarteko Egunerako deituta dagoen greba deialdiarekin lotuta bi adierazpen instituzional aztertu zituzten atzo Elgetan egindako osoko bilkuran. EH Bilduk aurkeztutakoak koalizioko bost zinegotzien aldeko botoekin egin zuen aurrera; izan ere, oposizioak aurka bozkatu zuen. Gu Geu Elgetak aurkeztutako idatzia aho batez onartu zuen udalbatzak.

Iraitz Lazkano alkateak galdetu zion oposizioari zein den EH Bilduk aurkeztutako adierazpena ez babesteko arrazoia. "Eudelen ordezkatuta dauden alderdien artean adostutako adierazpena da guk ekarri duguna, eta horren inguruan adostasun handiagoa dago Gu Geu Elgeta taldean", erantzun zion Gu Geu Elgetako Eduardo Zubiaurrek.

Oposizioko ordezkariak argitu zuen bi adierazpenen arteko alderik argiena grebarekiko atxikimenduan dagoela; izan ere, bigarrenak ez du horrelakorik adierazten. "Funtsean emakumeen eskubideen eta egoeraren hobetzearen alde gaude, eta ados gaude mugimendu feministak dituen hainbat ekimenekin, eta honekin", azaldu zuen Zubiaurrek. Zehaztu zuen mobilizazioak eta aldarrikapenak egon daitezkeela, baina berak, esaterako, ez dakiela zergatik egin behar den greba deialdi bat. 

Iraitz Lazkano alkateak 2017ko azaroan onartutako mozio bati egin zion erreferentzia ondoren adierazteko orduan oposizioak bestelako jarrera bat izan zuela. "Azpimarratu ditut orain aurkeztu duzuen adierazpenean dauden berba batzuk eta zuek 2017ko azaroan –emakumeenganako biolentziaren kontrako nazioarteko egunean– mespretxuz aipatu zenituztenak: borroka, zapalkuntza, sistema bat, emakumeen mundu martxa… Orain horiek guztiak sartzen dira adierazpen honetan". Gu Geu Elgetak aurkeztutako adierazpenari egiten zion erreferentzia.

Alkateak esan zuen harridura sortzen diola horrek, eta ez duela ulertzen gai honekin oposizioak duen jarrera gorabehera. "Poztasuna ere sortzen dit honek ikusten dudalako aurrera egiten zoazela mugimendu feministari daukan besteko garrantzia onartzen".

Zubiaurrek argitu zuen mugimendu feministak hainbat aldarrikapen egin dituela, eta bera, akaso, ez dagoela guztiekin ados. Bere izenean hitz eginez esan zuen ez datorrela bat, esaterako, greba deialdiarekin. "Eta berriro diot gure taldea bigarren adierazpen honekin dagoela ados. Gainerako guztiak zure balorazioak dira", esan zion alkateari. "Errespetatzen ditut, baina ez dakit zein zerikusi duten une honekin".

EH Bilduk aurkeztutako mozioak koalizioko bost ordezkarien aldeko botoekin egin zuen aurrera. Oposizioak kontrako botoa eman zuen. Gu Geu Elgetak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak. EH Bilduko ordezkariek bigarren idatzia babestu bazuten ere hanka motz gelditzen dela argitu zuten.

Elgetako EH Bilduk aurkeztutako adierazpen instituzionala hemen.

Gu Geu Elgetak aurkeztutako adierazpen instituzionala hemen.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak