Antisorgailu eta babes neurri ugari dago gaur egun merkatuan, baina informazioa ez da heltzen; izan ere, harreman sexualen bitartez kutsatzen diren gaixotasun zein ustekabeko haurdunaldi kasuak gora doaz. Hain zuzen ere, antisorgailuen eta babes neurrien inguruko hitzaldia egin zuen, atzo, Elgetako botikari Elena Elkorok liburutegiko Bibliobero jardunaldien barruan. "Argi ikusten dena da seropositibo kasuak handituz doazela, eta sifilis, gonorrea eta herpes kasuak ere bai. Eta hori gertatzen da ez delako neurririk hartzen".
Botikariak uste du prebentzio-lan handia dagoela egiteko, bai gazteen, bai helduen artean.
Aukera handia merkatuan
Asko aurreratu da antisorgailuen alorrean. Lehen, hormona-pilulak eta kondoiak zeuden, eta ia ez zegoen besterik. Gaur egun, ordea, aukera zabala dago haurdunaldiak saihesteko: aro baginala, hormonak askatzen dituen DIUa, partxeak, diafragma, inplanteak, hilean behin edo hiru hilean behin jar daitekeen injekzioa... eta betiko metodoen artean daude basektomia eta tronpen lotura.
Gaixotasun kutsakorrak saihesteko, hori bai, kondoia da metodorik eraginkorrena, eta gizonendako zein emakumezkoendako daude. Botikariak aholkatzen du medikuaren laguntzarekin aukeratzeko antisorgailu egokiena.