Irailetik abendura bitartean, Karim eta Sun magoak, Go!azen ikuskizunaren bi emanaldi eta Gari&Maldanbera taldearen kontzertua izan dira Espaloia kafe antzokian Kultur Hiru taldearen eskutik.
Abenduaren 31n amaitu zen antzokian ikuskizunak programatzeko Udalak eta Kultur Hiru taldeko kideek sinatutako lehen hitzarmenaren epealdia. Atzo, berriz, alde biek beste hitzarmen bat sinatu zuten, ekainaren 30era arte. "Uste dugu lan nahiko txukuna egiteko gai izan garela lehenengo hiruhilekoan. Asmoa poliki joatea zen, denok pixka bat elkar ezagutzeko eta aretoa bera ere ezagutzeko. Uste dugu neurria hartu diogula. Lehenengo etapa era egokian gainditu dugula esango genuke", adierazi dute Kultur Hiruko kideek.
Udalak ere ontzat jo du orain artekoa. "Uste dugu formula egokia topatu dugula Espaloiaren kudeaketarako", esan zuen urtarrileko osoko bilkuran Kultura zinegotzi Janire Lazkanok. Nabarmendu zuen eraikinak Udalaren erabilerarako izaten jarraitzen duela eta noizean behin, gainera, Kultur Hiru taldeak antolatutako ekintzak daudela bertan. "Hitzarmen honek, azkenean, Kultur Hiruk hilero-hilero antolatutako ekintzak herrira ekartzeko aukera ematen digu, kendu barik guk egiten ditugunak".
Funtzionamendua, ikasturteka
Aurrerantzean, irailetik ekainera arteko dinamika ezartzea adostu dute alde biek, eta atzo, ekainera arteko hitzarmena sinatu zuten. "Hiru hilabeteko ezagutzarekin hainbat aldaketa egingo ditugu lehenagotik genuen hitzarmenean", azaldu du Lazkanok.
Kultura zinegotziak esan du Kultur Hiruko kideek horrela eskatuta hitzarmen bana sinatuko dela aurrerantzean ekitaldi bakoitzeko, eta Udalak orain arteko espazioa lagako duela –barra, agertokia, soinu eta argi inguruak...–.
Koordinazioa, batzordeak
Aurrerantzean ere Kultura batzordeak egingo ditu agenda koordinazio lanak. "Kultur Hirukoek kultura batzordeari eman beharko diote egiten dituzten ekintzen berri, eta batzordean berba egin eta gero eta adostutzat eman eta gero jasoko dute dirulaguntza", esan du Janire Lazkanok.
Zehaztu du 100 euroko dirulaguntza emango duela Udalak eguneko, eta euskaraz egindako ekintza bakoitzeko 50 euro, urteko hamar ekintzako mugarekin. "Hori, aurreikusita irailetik ekainera bitartean hilean ekintza bat egingo dela".
Kultur Hiruk, berriz, 200 euroko bermea jarriko du, eta ekintza bakoitzeko 100 euroko alokairua ordainduko du. "Lehen moduan, gastuen ardura izango du promozioan eta hedapenean, erantzukizun zibileko eta ondasunen arrisku guztien aseguruak indarrean edukiko ditu eta bere gain hartuko ditu garbiketa zein soinu eta argi teknikari gastuak. Baita ere ekitaldiari berari atxikitzen zaizkion bestelako gastuak –hotela, zamalanak...–".