Bezeroek emango dute botoa, etzi, Elgetako pintxo lehiaketako bigarren domekan

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko aza. 16a, 13:15

Haizea tabernako 'Haize goxua' pintxoak jaso zuen Elgetako XI. pintxo lehiaketako epaimahaiak emandako saria, domekan. Etzi bezeroek izango dute hitza. Txaranga, asmatu osagaiak lehiaketa eta argazki lehiaketa ere egongo dira.

Estu egon da aurten pintxo lehiaketa; izan ere, pintxo landuak aurkeztu dituzte Maialde landetxeak, Rincon de Lola jatetxeak, Bolatoki tabernak eta Haizea tabernak. Xalbadorpe erretiratuen elkarteko Pedro Mari Ubera, Maala guraso elkarteko Enara Merino eta Elgetako emakume taldeko Ainhoa Zeziaga ibili ziren epaimahai lanetan, eta emandako puntuazioen baturak berdinketa ekarri zuen.

Horrelakoetan, zaporearen atalean puntuazio onena lortu duen pintxoaren alde egiten da, eta Haizea tabernako Haize goxua pintxoa izan da irabazlea. "Ez genuen saria espero, eta beti da pozgarria. Saiatzen gara lehiaketarako zerbait txukuna egiten, eta etxeko guztien artean joan gara Haize goxua pintxoa sortzen. Gustukoa izan bada, gu pozik", esan zuen Haizea tabernako Bittor Gallastegik txapela jantzi eta gutxira. Haizea tabernak jaso zuen saria 2014an ere.

Bezeroak boto emaile, etzi

Domekan pintxo lehiaketaren bigarren eta azken eguna izango da. Aurrekoetan moduan, bezeroen iritzia jasotzeko eguna izango da eta Publikoaren Saria jasoko du boto gehien jasotzen dituen pintxoak. Botoa emateko, hainbat bide daude: gustuko pintxoarekin selfie bat atera eta 634 43 84 58 zenbakira bidaltzea edo Hirix plataforma digitaleko galdetegia betetzea. 30 euroko bi txartel banatuko ditu Udalak parte-hartzaileen artean.

Osagaiak asmatu lehiaketa ere martxan izango da lau taberna parte-hartzaileetan. Domeka girotzeko, berriz, Burrunbazale txaranga izango da herrian, 12:30etik aurrera

Argazki lehiaketa 12:00etan

Argazki lehiaketa ere izango da aurten Elgetako pintxo lehiaketaren bueltan. Interesatuek 11:45etik 12:00etara bitartean eman beharko dute izena, plazan kokatuko den mahai batean. Aurrekoetan moduan, unean proposatutako lau gairen inguruko argazki digitalak atera beharko dituzte parte-hartzaileek, eta 16:00ak aurretik bidali beharko dituzte danonartian@elgeta.eus helbidera.

Lau argazki bidali behar dira, bana gai bakoitzeko. Antolatzaileek jakinarazi dute kamerak eskaintzen dituen aukerak soilik erabili ahalko direla, ez besterik. Eta irabazleak argazki kamera digital bat jasoko duela opari. Lehiaketa adin guztietako herritarrei dago zabalik, eta Udalak aukera izango du aurkeztutako argazkiak etorkizunean erabiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak