Garrantzitsuena inbertsioari dagokionean Aixola urtegiaren goiko aldean dagoen Mendrakorta baserrirako bidea egokitzea izan da. Baserria hutsik dago baina erabilera berria emateko asmoa dute jabeek. Lanok 9.680 euroko aurrekontua izan dute, BEZ barne. "Baso pista zuen baserriak eta zabalduta dago orain. Harria bota eta estali egin dugu. Bikote gazte batek animaliak jarri nahi ditu bertan. Etorkizunera begira baserria egokitzeko aukera dago", azaldu du baserritarren batzordeko buru Sebastian Arantzabalek.
Mendrakortara iristeko hartu behar den Txulokua baserrirako bidean ere hainbat konponketa egin dituzte. "Azken bi urteetan egurra ateratzen ibili dira inguru horretan eta bidean egin diren zuloak estali dira", azaldu du Sebastian Arantzabalek. Lanok 2.662 euro suposatu dute.
Lanak Egoarbitzan
Hamahiru hektarea pasatxoko herri basoa dago Egoarbitzan, eta hainbat lan daude aurreikusita. "Badago pare bat hektareako sail bat pinuarekin. Sasiz garbitu eta bakandu egin behar da. Pagoa landatuta dagoen beste hektarea eta erdiko sail batean sasia kendu eta garbiketa lana egin behar da". Lan horiek 3.578 euroko aurrekontua dute.