Elgetako Udalak hitzarmena sinatuko du Kultur Hiru egitasmoarekin Espaloian kultura ekintzak antolatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko uzt. 2a, 22:19

Udalbatzak aho batez hartu du erabakia gaur egindako ez ohiko batzarrean. Iker Muruamendiaraz bergararra da Kultur Hiru egitasmoko kideetako bat. Alde biek hurrengo astean sinatuko dute hitzarmena. Hasiera batean hiru hilabeterako izango da, eta gauzak ondo bidean asmoa da berritzen joatea. Lehenengo ekintza irailaren 21erako iragarri dute.

"Lanerako ilusio handiarekin datoz, eta ideia pila dituzte", adierazi du kultura zinegotzi Janire Lazkanok adostutako hitzarmenaren aurkezpena egiterakoan. Jakinarazi du kultura batzordeak batzar ugari egin dituela interesatuekin alde biak adostutako hitzarmen batera iritsi arte. "Ikusi dugu aurreko esleipen prozesuek zein emaitza eman duten. Uste dugu merezi duela saiakera hau egitea", esan du. Gogoratu behar da azken esleipena 2017ko maiatzean gelditu zela bertan behera. Tarte horretan Udalak egon diren eskaeretarako zabaldu du Espaloia.

Hiru hilabeterako hitzarmena

Udalak eta Hiru Kultur egitasmoak hurrengo astean sinatuko dute gaurkoan udalbatzaren oniritzia jaso duen hitzarmena, eta irailaren 21ean sartuko da indarrean. Ordurako dago iragarrita lehenengo ikuzkizuna. Ziurrenik magia saio bat izango da.

Hasiera batean hiru hilabeteko iraupena izango da hitzarmenak; hau da, abenduaren 31ra arte. Alde biak ados badaude hiru hilabete oro berritzen joango da.

Udalaren konpromisoak

Udalak antzokiko ekipamendu guztia utziko dio Kultur Hiru egitasmoari, kenduta goiko jangela eta sukaldea. Aretoak duen tabernaren kudeaketa Kultur Hiruren ardura izango da. Udalak edo bestelako eragile batek sustatutako ekintzetan ere bai, horrela eskatzen bada.

Aretoa 06:00ak bitartean zabalik egoteko baimena emango du Udalak, eta agendak koordinatu aldera azpiegitura erabiltzeko dauden gainerako eskaeren berri emango du.

Jarduerak, bestalde, diruz lagunduko ditu Udalak. Adostutako ekintza bakoitzeko 100 euro jasoko ditu Kultur Hiruk, eta euskaraz eginiko ekintzak badira beste 50 euroko diru-laguntza, urtean hamar ekintzako mugarekin kasu bietan.

Kultur Hiruren konpromisoak

Bere aldetik Kultur Hiru egitasmoak 200 euroko bermea jarriko du eragin daitezkeen kalteei aurre egiteko, eta 100 euroko alokairua ordainduko du. Bestalde, erantzukizun zibileko poliza kontratatu izanaren agiria aurkeztu beharko du ekitaldia egin baino lehenago. Polizaren zenbatekoa, gutxienez, 50.000 eurokoa izango da.

Halaber, Kultur Hiru egitasmoaren kontura izango dira ondorengo gastuak:

. ekitaldiaren promozio eta hedapena karteletan, sare sozialetan, zein hedabideetan.
. ekitaldia babestuko duen RC eta TRM aseguruak.
. aretoaren garbiketa gastua.
. soinu-teknikaria.
. ekitaldiei atxikitzen zaizkien gastuak: karga, deskarga, katxeak, bidaiak, ostatuak, sarrera txartelak, segurtasuna, kamareroak...

Ur, argindar eta bestelako gastuak Udalak hartuko ditu bere gain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak