Elgetan prestaketa lan handiak izan dituzte egunotan. Badatoz herriko jaiak, Ferixa Nagusiko jaiak eta prest da eszenatokia plazan. Parekidetasunaren alde herriko emakume taldeak kultura etxean zintzilikatutako mezua ere gertu da.
Jaiei hasiera emateko itxi egingo dute zirkulazioa herria gurutzatzen duen errepide nagusian eta oinezkoendako izango da erdigunea domekara bitartean.
Bihar gaueko autobus zerbitzu berezia izango da Elgetara Antzuolatik zein Bergaratik. Zapatuan, berriz, herri bazkaria egingo dute elgetarrek. Jaietako ekintza jendetsuena izan ohi da. Txartelak salgai daude Julian Markiegiren kioskoan eta egunean bertan ere erosteko aukera izango da.
Bazkalostean kuadrillen arteko jokoak egingo dituzte aurten ere. Interesatuek sei edo zazpi laguneko taldeak osatu eta danonartian@elgeta.eus helbide elektronikoan eman behar dute izena.
Domeka arratsaldeko karaoke lehiaketarako ere izena eman behar da. Bi kategoria izango dira aurten eta 33 euskal kantarekin osatutako zerrenda prest dago udal webgunean. Horietako bat aukeratu behar dute parte hartzaileek.
Jaietan parte hartzera animatu ditu herritarrak Iraitz Lazkano alkateak.