Hondakinak hobeto bereizteko saiakeran sakondu beharra dagoela uste dute udal arduradunek

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko eka. 14a, 14:32

Aste Berdearen barruan, herrian sortutako 53,8 kilo errefus aztertu ditu Udalak, eta %53,9 material birziklagarria zen. "Elgetarrak zoriondu behar ditugu, datu orokorrak onak direlako, baina badugu hobetzeko tartea", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak.

Errefusaren edukiontzietatik hartutako lagin bat aztertu du Udalak, eta neurketaren ondorio nagusia da badagoela zer hobetu.

Udal ordezkariek emandako datuen arabera, 53,8 kilo hondakin aztertu dituzte eta horietatik %53,9 —erditik gora— birziklagarria zen. Errefusari zegokion kopurua —ondo sailkatutakoa— 24,8 kilokoa zen; hau da, errefusaren edukiontzian aurkitutakoaren %46,1. Organikoaren edukiontzi marroira bota beharrekoak ziren 17,59 kilo, %32,7. Papererako den edukiontzi urdinera bota beharrekoak ziren 4,07 kilo, %7,57. Ontzi arinak ziren 2,01 kilo, %3,74; eta beira zen 0,66 kilo, %1,23. Bestelakoak ere baziren: 4,67 kilo, %8,68.

Ondorio nagusiak

"Aspaldi diogu hondakinekin nahiko arduratuta gabiltzala. Datu orokorrak oso onak dira eta elgetarrak zoriondu behar ditugu; izan ere, %80 inguru ari gara bereizten, baina uste dugu tarte handia dugula hobetzeko. Neurketaren arabera, errefuseko materialaren erdia baino gehiago birziklagarria zen. Zati handi bat organikoa zen: konpost egitekoa edo edukiontzi marroira botatzekoa. Gainerakoa beirak, paperak, ehunkiak… ziren", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak.

Ingurumen ikuspuntutik zein ikuspuntu ekonomikotik hobeto bereizteko saiakeran sakondu beharra dagoela azaldu du alkateak. "Hondakinen tratamenduan garestiena errefusaren kudeaketa da. Paperarengatik eta plastikoarengatik kobratu egiten da. Errefusarengatik, ordea, ordaindu egiten da. Sekulako aldea dago plastikoa errefusera bota edo plastikora bota. Elgetan urteko eta biztanleko 75 kilo errefus inguru sortzen ditugu. Antzuolan, 50 kiloan daude. Neurketa honekin ikusi dugu elgetarrak erdira jaitsi gaitezkeela". Horrek urtean 7.439 eurotik gorako aurrezkia ekar dezake.

Bisita Epeleko konpost-plantara

Aste Berdearen barruan, atzo, Epeleko konpost-plantaren funtzionamendua ezagutzeko bisita egin zuten. Konpostak hainbat erabilera ditu eta Debagoieneko plantaren konpostatze ahalmena eta tratamendu zein kontrol sistemak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten parte hartzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak