Gaur bota du Elgetan negu honetako elurterik handiena. Badira egun batzuk ingurua zuri dagoela, baina gaur besteko elur geruzarik ez da osatu aurrekoetan. Oraingo honetan, gainera, elurrak hainbat eragozpen sortu ditu. Zailtasunak izan dira errepideetan batez ere jende gehien ibiltzen den orduetan, 08:00ak bueltan.
Lehen orduetan arazoak errepideetan
Elorrioko bidea itxita egon da eta Bergarako errepidean hainbat auto gelditu dira ez atzera ez aurrera Izarrako bueltan. Gauzak horrela, ertzainek gelditu egin dituzte elurretako erruberarik gabeko ibilgailu guztiak, bai goranzkoan bai beheranzkoan.
Eguneko zentroa itxita dago gaur. Herri Eskolako bi irakasle udal brigadako langile batek igo ditu Uberatik, eta sendagilea ertzainek igo dute goizean goiz.
Tarte batean egon dira itxita errepideak. Elurra kentzeko makinak atzera eta aurrera ibili dira goiz guztian zehar, bai Foru Aldundiarena bai Udalak ipinitakoa. 10:00etarako zabalik zen atzera ere Bergarako errepidea.
Udal brigadako langileak lanean
Udal brigadako langileendako ere lan handiko egunak dira. Palarekin edo makinarekin baina goizean goizetik zabaltzen dituzte oinezkoendako premiazkoenak diren pasabideak. Finkatuta dituzte lehentasunezkoenak direnak: eguneko zentroa, eskola, haurreskola eta kaleko gune erabilienak.
Umeak pozik jolasean
Txanponaren beste aldean herriko neska-mutikoen poztasuna. Atzo ere asko izan ziren elurrarekin jolasean ibili zirenak, baina ez zegoen gaur besteko geruzarik. Eskola inguruan elkartu direnean nabaritu da gehienbat festa giroa. Bergarara ikasleak jaisten dituen autobusa, esaterako, ezin izan da herrira iritsi herrira eta ikasleak etxean geratu dira. Asko gerturatu dira herri eskola ingurura txikiagoekin jolasean egitera; izan ere, neska-mutikoendako elurretan jolasean egiteko egunak dira honakoak Elgetan eta izan da ikastetxera leran etorri denik ere.
Elurretako bolak ziren gaur goizean protagonista. Nork azkarrago egin eta bota zen erronka eta batzuk prest zuten munizioa goizean goizetik. Brigadatik jarraitzen dute kontuz ibiltzeko gomendioa egiten.