Elgetako Udalak urriaren 4an aurkeztu zuen Frankismoak egin zituen krimenen aurkako kereila Bergarako auzitegian, eta abenduan tramitera onartu zuen Maider Imaz epaileak. Hala ere, beste epaile batek, bertan behera utzi du prozesua eta kereila artxibatu egin du, Krimen Frankisten Aurkako Plataformako kide Josu Ibargutxik baieztatu duen moduan.
Lehen aldia zen Euskal Herriko epaitegi batek frankismo garaiko krimenak ofizioz ikertuko zituena, baina beste epaile batek artxibatu egin du. Lekukoak deitu eta testigantzak jasotzeko unea zen, abenduan kereila onartu ostean, baina prozesua egun batetik bestera bertan behera gelditu da, epailearen erabakia dela eta.
2016ko uztailean egindako osoko bilkuran onartu zuen aho batez Elgetako udalbatzak frankismoaren krimenen aurka kereila kriminala jartzea udal bezala. Proposamena, frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformak luzatu zion Udalari, eta aho batez hartu zuen erabakia Elgetako udalbatzak.
Kereila horretan 1936ko uztailetik 1977ko ekainera arte Elgetak jasandako krimenen lekukotasunak jaso zituzten, baita 1980an herrian gertatutako bi atentatu faxista ere. Guztira hamalau kasu salatu zituzten epaitegian.