Kereila horretan salatzen diren krimenegatik Justiziaren eskaerak lehendabiziko aldiz izan zuen erantzun baikor bat, hainbat biktimek eta senitartekoek urteetan zehar, diktadura garaian lehenengo eta egungo sasi-demokrazia honetan geroago, eskatzen zutena aintzat hartuaz, hainbeste urtetan ezereztuak, ahaztuak eta isilarazitakoak izan eta gero.
Kereilaren onespenak izugarrizko arrakasta soziala izan zuen Euskal Herrian eta Estatuan. Baina 38 egun iraun du bakarrik: pasa den abenduaren 22an epaile berri batek Kereilaren artxibatze agindua eman zuen betiko aitzakiak jarriaz: delituen preskripzioa, eta gainera hor dagoela 1977ko Amnistiaren Legea edozein gauza barkatzeko prest. Kereilaren abokatuek aurkeztu dute jadanik dagokion helegitea.
Bergarako 4.Epaitegi horretan izan diren epaileen arteko prozedura-arrazoi edo tirabiretatik haratago, garbi ikusten dugu esku politikoa izan dela epailearen aldaketa azkarra eragin duena iniziatiba bertan behera utziaz. Esku-hartze honek agerian uzten du, berriz ere, espainiar judikadurak duen gabezia, interes politiko atzerakoi eta demokraziaren aurkako indarrez inguraturik dagoena, Estatu eta gobernu demokratikoekin zerikusirik ez duena.
Ez da lehendabiziko Udala Justiziaren eskaera bat bertan behera geratzen dela ikusten duena. Ezta azkena izango ere. Baina asko dira aurrera jarraitzeko prest dauden Udalak frankismoaren krimenek eragindakoak salatzeko, eta seguru gaude jarrera honek sekulako uholdea ekarriko duela frankismoak oraindik dituan lege-zirrikitu babesleak medio duen inpunitatea salatuaz, hainbat erakunde nazional eta internazionalek egiten duten moduan. Zentzu honetan, aipatzekoa da pasa den urrian Madrilgo kongresuan oposizioko alderdiek aurkeztutako Lege Proposamen bat, aldaketa batzuk onartuak izan daitezen 1977ko Amnistiaren Legean eta Kode Penaleko legalitate-printzipioan.
Bergarako Epaitegian gertatutako jokaera politikoa Estatuko botereek Justiziari dioten beldurraren eragina izan da. Baina frogatzen digu, baita ere, badaudela, zalantzazko legalitateen gainetik, duintasunez eta gogoz Justizia ezartzeko prest dauden Epaileak. Denon artean irekiko dugu Egiaren, Justiziaren eta Erreparazioaren aldeko arrail geroz eta handiagoa, frankismoaren ehundaka-milaka biktimei zor zaiena. Azken finean, benetako gizarte demokratiko batek bere buruari zor diona baita.