Iazko uztailean egindako osoko bilkuran onartu zuen aho batez Elgetako udalbatzak frankismoaren krimenen aurka kereila kriminala jartzea udal bezala. Aho batez hartutako erabakia izan zen. Proposamena, frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformak luzatu zion Udalari.
Hala, herritarren testigantzak batzeko bulego bat jarri zuen Udalak eta hamalau kasu dokumentatu dituzte. Gaur eguerdian aurkeztu dute kereila Bergarako epaitegian. Bertan izan dira Laia abokatuak-eko bi ordezkarirekin batera Iraitz Lazkano alkatea, EH Bilduko zinegotzi Janire Lazkano, Gu Geu Elgeta plataformako Nerea Villa, Intxorta 1937 kultur elkarteko Julia Monge, eta turismo teknikari Ainhoa Bernabe. Testigantza eman duten bi familiako ordezkariak ere bertaratu dira, hala nola Ane Miren Alberdi eta Joxe Mari Zubierrementeria.
"Epaileak erabaki behar du orain kereila tramitera onartzen duen edo ez. Onartuz gero hurrengo urratsa izango da lekukoak deitu eta testigantzak hartzea. Gure aldetik pozik gaude. Aurreko batean Arrasateko Udalak jarri zuen kereila eta gaur Elgetakoak", adierazi du Intxorta 1937 kultur elkarteko Julia Mongek. "Antzerako kereilek aurrera egitea nahiko zaila da; izan ere, 77ko amnistia legearekin egiten dugu topo behin eta berriz, baina beti pentsatu dugu uneren batean edo bestean irekiko dela zirrikituren bat".
Hamalau kasu
Argentinan martxan da frankismoaren krimenak ikertzeko kereila bat, Maria Silvini epaileak gidatua. "Bi kereila planteatzea onartu genuen udalbatzan: bata Argentinako justizian eta bestea eskualdeko epaitegian. Argentinako kereila aurkeztuta dago. Duela pare bat hilabete bidali genuen dokumentazioa, eta orain bi aste jaso dugu konfirmazioa kereila sartuta dagoela", adierazi du Elgetako alkate Iraitz Lazkanok. "Frankismoak Elgetan egindako hamalau krimenekin osatu dugu kereila. Testigantzak jasotzeko bulegoan jasotakoak dira. Oso pozik gaude. Ezagutzen ez genituen kasu batzuk ere agertu dira. Hamalau kasu horietatik batzuk testigantzekin daude indartuta eta beste batzuk ez nahikoak izan direlako bestelako proba dokumentalak —egunkarietan agertutako artikuluak, udaletxeko aktak…—", azaldu du alkateak.
Lazkano baikor agertu da ekimenak eman dezakeenarekin. "Poliki-poliki arrakala bat zabaltzen ari gara. Badakigu Espainiako justiziak bere mugak dauzkala, baina guk ere baditugu gure erremintak. Garbi daukagu frankismoa ez zela 78an hil. Ordutik eta nahiz eta Franco hilda egon izan dira frankismoak eragindako beste krimen batzuk. Horietako batzuk ere sartu ditugu kereila honetan. 1936tik 1980ra arteko krimenak daude bertan, hala amnistiatu gabeko krimen batzuk ere badaude tartean. Ez lukete amnistia lege hori aplikatu beharko; izan ere, badaude kasuak lege hori onartu eta ondorengoak".
Egun seinalatua
Urriaren 4a aukeratu du Elgetako Udalak kereila aurkezteko. "Gaurko eguna seinalatua da ez bakarrik Elgetarendako baizik eta Euskal Herri guztiarendako. Gaurko egunez lortu zen frankisten aurrerapena oztopatzea, eta horren ondorioz eratu zen hiru egun beranduago lehenengo Eusko Jaurlaritza". Zentzu horretan, memoria jardunaldiak egiten ari dira egunotan herrian. "Baditugu Elgetan bi egun seinalatu: bata urrian eta bestea apirilean. Gure asmoa bada hemendik aurrera ere egun horiek baliatzea poliki-poliki memoria historikoaren berreskurapenean eta bereziki justizia eskaeran aurrera egiten joateko", esan du Lazkanok.