Urri hasiera data seinalatua da Elgetan. Memoria historikoaren inguruan lanean diharduten erakundeek eta elkarteek urtero ekartzen dute gogora 1936ko urrian Elgetan eta Intxorta mendietan gertatutako erasoaldiak eta haiek izandako erresistentzia gogorra.
"1936ko irailean Gipuzkoan indar faxistak gelditzeko egindako ahaleginek porrot egin ondoren, Molaren Bizkaian sartzeko ahaleginak Elgeta izan zuen jomuga. Urriaren 4an Elgetan eta Intxorta mendietan egindako erasoaldiak, ordea, huts egin zuen, erresistentzia gogorra zela medio. Urriaren 4an faxisten aurrerapena zapuzteak, urriaren 6an lehenengo Euskal Estatutua onartzea —Elgetako Estatutua izenez ere ezagutu izan dena— eta hurrengo egunean, urriaren 7an, Eusko Jaurlaritza osatzea ahalbidetu zuen. Gertaera horiek oroitzeko, Elgetan Memoria Historikoaren inguruko jardunaldiak antolatu ditugu", adierazi dute.
Egitaraua
Jardunaldiek urriaren 4an, eguaztena, izango dute hasiera. Leyre Arrieta historialariak Lehen Eusko Jaurlaritza. Bilbo: 1936- 1937 hitzaldia egingo du, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian.
Biharamunean, urriak 5, Pablo Beldarrainen Historia Critica de la Guerra en Euskadi liburuaren bigarren edizioaren aurkezpena egingo du Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Intxortako Atean 18:00etan.
Urriaren 6an, barikua, holokaustoko biktima elgetarra den Pascual Askasibar izango da protagonista eta haren erlojua kokatuko dute Euskal Memoria Historikoaren Interpretazio Zentroan, 18:30ean.
Azkenik, urriaren 8an, Intxortako ibilbide tematikora antzeztutako bisita gidatua egingo dute. Bisita doan izango da, baina izena eman behar da aurrez turismoa@elgeta.eus helbide elektronikoan urriaren 6a baino lehen. Taldea 10:00etan abiatuko da Euskal Memoria Historikoaren Interpretazio Zentrotik.