Nagusiki udal zorra kitatzera bideratutako aurrekontua onartu dute Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko abe. 20a, 13:01

Elgetako udalbatzak 1.560.564,29 euroko aurrekontua onartu du 2018rako, EH Bilduren aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. Iraitz Lazkano alkateak adierazi du Udalak ordaintzeko dituen kalte-ordainek baldintzatzen dutela aurrekontua. Oposizioak proiektu eta ilusio falta sumatzen ditu udal gobernuaren jardunean.

Ez dago alde handirik 2018rako onartu berria izan den udal aurrekontuaren eta aurten exekutatu denaren artean. Langileria gastuetan igoera txiki bat egongo dela esan du Iraitz Lazkano alkateak; izan ere, igo egingo dira langileen soldatak eta jardun erdiko kultura eta teknikari lanpostua betetzeko asmoa du Udalak 2018an.

Zerbitzurik murriztu gabe gastu arrunta jaisteko kontratu mordoxka berrikusi dituztela ere adierazi du alkateak, eta jakinarazi du inbertsioetarako iazko hasierako aurrekontuan baino %12,44 gehiago izango dela. Zerga orokorren %1,5eko igoerak eta Foru Fondotik etortzea aurreikusten den diru kopuruak igoko dute sarreren kapitulua.

Dagoenetan, aurrekontuak ez du Foru Araua beteko eta litekeena da plan ekonomiko finantzarioa eskatzea. 37 bat mila euro estutu beharko lirateke egoera hori saihesteko. "Aurrekontuaren %15 —ia 230.000 euro— bideratuko dugu bai ala bai kalte ordainak ordaintzera. Aparejadorearekin dugun bigarren auzi hori ere ordaintzen hasi beharko dugu hurrengo urtean. Horrek esan gura du zertan gastatu erabakitzeko daukagun margena oso oso txikia dela, mugatzen da %6ra", azaldu du Iraitz Lazkanok.

Inbertsio nagusiak

Inbertsioetarako 93.658,96 euro izango ditu Udalak hurrengo urtean. Egitasmo garrantzitsuenak dira kiroldegiko aldagelak berritzea eta baserritarren batzordetik hainbat lan burutzea, tartean Mendrakorta baserrirako bidea egitea. Udalak, bestalde, egokitzapenak egingo ditu Eguneko zentroan, medikuak orain arte erabili izandako etxebizitzan, Espaloian, Bolatokian, Herri Eskolan eta Haurreskolan. Udal webgunea ere berrituko dute.

Oposizioaren abstentzioa

Aurrekontuak ez du oposizioa gogobete eta Gu Geu Elgetako ordezkariak abstenitu egin dira. Uste dute mantenu edo biziraupen hutseko aurrekontua dela, eta proiektu, helburu eta ilusio falta sumatzen dute udal gobernuaren jardunean. Inbertsioen atalean aurreikusitako diru-lerro gehienak gastu korriente bokazioa dutela ere esan du Mikel Larrea bozeramaileak.

"Kopuru eta partida hauek ezin dira eztabaidatu. Aurrekontu hau mantenu hutsa da, biziraupenerako aurrekontua. Nire ustez ahalegina egin beharko litzateke sarrerak nonbaitetik erakartzeko. Ilusioa badago zerbait lortzeko bilatzen dira bideak eta nik uste dut Elgetako udalean falta dela helburuak lortzeko ilusio hori. Lanketa hori sumatzen dugu faltan".

Iraitz Lazkano alkatearen erantzuna izan da ez dela hain irakurketa katastrofikoa egin behar. "Zentimora ibili gara eta irudimena botata gauzak azkenean irten egiten dira. Helburuak mila ditugu, plangintza estrategikoa ere bai eta parte hartze prozesuan ere egin zen eta ideia mordoxka atera ziren bertatik batzuk, gainera, hala hola betetzen doazenak. Tristea da baina udaletxe honetan jaso dugun egoera da agintaldia bukatu orduko milioi bat euro zorretan ordaintzea. Tristea da baina aurrekontu honen helburua da jaso dugun zorra kitatzea".

 

INBERTSIO AURREIKUSPENAK 2018rako

  • Kiroldegiko aldagelak                    26.100
  • Baserritarren batzordea                 20.000
  • Irisgarritasun lanak                          7.500
  • Domingo Iturbe lursaila                   6.000
  • Gizarte zerbitzuak inbertsioak         5.342,09
  • Web orria diseinatu                         5.056,89
  • Intxorta garbiketa landaketa           4.000
  • Etxea egokitu                                  3.000
  • Espaloia egokitu                             3.000
  • Bolatoki egokitu                              3.000
  • Intxorta saila erosi                          2.500
  • Brigadako lan tresnak                    2.000
  • Eskolako inbertsioa                        2.000
  • Haurreskola                                   1.000
  • Kaleko mobiliarioa                         1.000
  • Kiroletako materiala                       1.000
  • Ekipo informatikoa berritzeko         1.000
  • Ur putzuak                                         159,98
  • GUZTIRA                                  93.658,96          (Iturria: Elgetako Udala)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak