Haizeak, Bolatoki tabernak, Maialde landetxeak eta El Rincon de Lolak hartu dute parte aurtengo pintxo lehiaketan. Joan zen asteburuan parte-hartzaile bakoitzak pintxo bat prestatu zuen bereziki lehiaketarako, eta asteburu honetan beste pintxo bana aurkeztu behar izan dute lehiaketara.
"Hiru ezaugarri hartu ditugu kontuan pintxoak baloratzerako orduan: zaporea, itxura eta pintxoa egiteko hartutako lana", azaldu du epaimahaiko kide izan den Jon Irabazalek. Gaineratu du argi izan dutela epaimahaia osatzen zuten hiru lagunek pintxo guztiak "onak" izan direla, "lana" hartu dutela egiterako orduan, eta "irudimen asko" erabili dutenez, "zoriontzekoa" dela egin duten lana.
El Rincon de Lola jatetxeko Maria Cobok pozik jantzi du irabazlearen txapela: "Oso-oso pozik nago. Lan asko daraman pintxoa da, landutako pintxoa aurkeztu nahi genuen lehiaketara, eta uste dut bete dugula helburua". Tabernaz taberna pintxoak dastatzen eta eguerdi partea girotzen izan diren Manex Agirre eta Xabi Igoa bertsolariek kantuan eman dute irabazlearen berri.
Datorren astean, berriro dastatu ahal izango da pintxo irabazlea, euro baten truke.