Zein da konpostarendako erabilera egokiena?

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko eka. 15a, 15:25

Udalak antolatuta jardunaldi bereziak egiten dihardute Elgetan. Luar Ingurumena enpresako Joseba Sanchezen eskutik ateratako konpostaren kalitatea neurtzen eta konpost-guneetan sor daitezkeen arazoak identifikatzen ikasi dute konpost-egileek.

Elgetan 170 bat familiak dihardute nork bere organikoa kudeatzen. Ateratako konpostaren ezaugarrien arabera egokiagoa izango da erabilera baterako edo besterako.

Atzo egindako saioan Luar Ingurumena enpresako Joseba Sanchezek hainbat trikimailu eman zituen ezaugarri horiek identifikatzeko. Konpost-tea zelan egin erakutsi zuen eta horrekin batera konpostaren gazitasuna, heldutasuna zein elikagai maila baloratzeko hainbat neurketa nola egin adierazi zuen. Bertaratutakoek etxean egindako konposta analizatzeko aukera ere izan zuten. "Ateratako konpostaren erabilera fintzeko zenbait irizpide eman ditut", esan zuen Sanchezek.

Adituak esan zuen lurra ongarritu behar dela, ez landarea eta lurra emankorra izango dela baldin eta ongarri organikoak badauzka. "Hori botatzen diogun konpostak ematen dio", gaineratu zuen. Konpostaren kalitatea nola neurtzen den galdegin zien Elgetako konpost-egileei eta ondorioztatu zuten kalitatea konpost egiteko moduak ematen duela konpostara botatzen diren gaiak baino. "Eta ateratzen dugun konpostaren ezaugarrien arabera erabilera bat edo bestea emango diogu", esan zuen. "Baratzerako, loreontziak ongarritzeko, estalki moduan...".

Jarraipen teknikoa

Aurrerantzean gehiagotan izango da Sanchez herrian; izan ere, elgetarrek pauso garrantzitsuak eman dituzte organikoaren kudeaketan baina optimiza daiteke. "Gehien erabiltzen den konpost-guneetako batean lixibiatze  prozesuarekin lotutako isuriak agertu dira", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak. "Hartu ditugu neurriak: material lehorra aldatu egin dugu eta brigadako langileen bitartez maizago aireztatzen ditugu edukiontziak".

Luar Ingurumena enpresaren laguntzarekin jarraipen berezia egingo dio Elgetako Udalak prozesuari. "Konpost-guneen jarraipena egingo dugu teknikari baten laguntzarekin", adierazi du alkateak. Asmoa da sor daitezkeen arazoak lehenbailehen detektatzea eta konponbidea ematea. "Egoeraren arabera pare bat astean behin edo hilean behin etorriko da teknikaria dauden arazoak ikusi eta konponbidea emateko".

Gaur bisita konpost-guneetara

Gaur egingo du Sanchezek jardunaldiotako bigarren ekintza. Herriko konpost-guneetara joango da herritarrekin batera bertan ematen diren arazoak detektatzen laguntzeko eta irtenbideak proposatzeko. Irteera irekia da eta taldea 18:00etan abiatuko da Mendizaleen Plazatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak