Joseba Sanchez: "Sekulako eboluzioa ikusi dut Elgetan, bailarako onenetarikoa"

Joseba Sanchez.

Luar Ingurumena enpresako teknikaria da Joseba Sanchez eta hasieratik egin dio jarraipena konpostaren inguruan Elgetan garatutako ekimenari. Konpost jardunaldi bereziak egiten ari da egunotan herrian.

 

Hainbat ikasgai eman dituzu oraingoan ere.
Konpostaren erabilerak ez du, normalean, arazorik ematen. Jardunaldiotan, pauso berri bat eman dugu aurrera, jakiteko baratzerako edo loreontzirako konposta dugun, oso azidoa ateratzen bazaigu zer egin, egokia den edo ez hazitegi moduan erabiltzeko...

Eta nola egin daiteke hori?
Etxean egiteko moduko analisi batzuk nola egin ikasi dugu. Azken finean, erakutsi diet proba organoleptikoak egiten. Lehenengo konpost-tea prestatu behar dugu: neurri bat konpost eta hiru neurri ur. Horrekin ph-a neurtu daiteke, konpostaren gazitasuna eta fito-toxizitatea ere bai. Azken finean, test organoleptikoa egitea da.

Elgetarrek ondo dihardute konposta egiten?
Orain dela hiru urte egin genuen lehenengo bisita. Berria zen kontua eta arazoak baino gehiago, beldurrak ziren nagusi. Etapa hori gaindituta dago. Arazoak, orain, puntualak dira, detaileak. Sekulako eboluzioa ikusi dut Elgetan; bailarako onenetarikoa.

Aurreneko bisitan hiru arazo nagusi ziren: fruta-eulia, anoxido usaina —oxigeno falta—, eta gero ez zen egituratzailearekin edo materia lehorrarekin asmatu. Orain hilabete batzuk egituratzaile hori aldatu egin genuen. Orain latzagoa da eta xurgatzaileagoa da. Eulien arazoa oso puntuala da eta usainarena desagertu egin da.

Gaur egun dauden arazoak zeintzuk dira?
Guneren batean desorekatu egin da kontua eta isuriak izan dira. Lixibiatze prozesuarekin lotutako isuriak, hain zuzen ere. Isuri horiek nola saihestu eta gertatzen badira nola konpondu ikusiko dugu jardunaldiotan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.