Ez zeuden egoera onean eta hormigoiarekin konpondu dituzte Elgetako landa eremuko zenbait bide baserritarren batzordeko Sebastian Arantzabalek azaldu duenez. "Zuloak zeuden eta hormigoia erabili dugu Egoetxeaga auzora doazen bideak eta Txulokua baserrirako bidea konpontzeko".
Arantzabalek jakinarazi duenez lanok 7.525,75 euroko aurrekontua izan dute. Foru Aldundiak lanen %60 ordainduko du eta Elgetako Udalak %40.
Mendrakorta baserrira, berriz, ura eraman dute.
2017ko egitasmoak
Hasi berria dugun urteari dagokionean Udalak aurreikusita dauka landa inguruneko beste bi bide konpontzea. Iturbe Etxebarri baserrirako bidea asfaltatuko dute. Lan horiek 8.168,75 euroko aurrekontua dute. Gainera, Asentzioko bidea konponduko dute. Aurrekontua 5.637,97 eurokoa da.