Bi milioi eurotik gorako zorra du Elgetako Udalak. Kalte-ordainetan ia milioi bat eta 300 mila euro zor ditu, banketxeei 500.000 eurotik gora, eta Domingo Iturbe eraikina zegoen lursaila erosteagatik 151.000 euro.
Udal gobernu taldeak 2017ko aurrekontu proposamena aurkeztearekin batera eman ditu Udalaren egoera ekonomikoaren gaineko datu eguneratuak. "Udalaren zorpetze maila azken urte askotako handiena da. Aurreikusten dugu 2017an 263.834,52 euro bideratu beharko ditugula zorra ordaintzera", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak.
Udal gobernuak milioi bat eta erdi euro inguruko aurrekontu proposamena du esku artean. Zorra kitatzera %17,5 inguru bideratu beharko du. Funtzionamentu gastu arruntetara bideratu beharrekoa kontuan hartuta inbertsioetarako 87.300 euro geldituko direla azaldu du alkateak. Aurrekontuaren %5,6. Kopuru "oso tristea" dela esan du alkateak. "Saiatuko gara ahalik eta etekin handiena ateratzen, lehentasunak ondo markatuz eta gastatzen dugun zentimo bakoitza helburu zehatz batekin gastatzen dela bermatuz".
Proposatutako inbertsioak
Aurreikusitako inbertsioen artean daude kiroldegian larrialdi irteera bat egokitzea, adinekoendako parkea egitea, Interpretazio zentroan argiteria hobetzea edo landa eremuko bi bide konpontzea. Udal gobernuak hurrengo urterako aurreikusten duen inbertsio handiena, ordea, arriskutsu ikusten duen hilerriko horma bat konpontzea izango da. "Gero eta baldintza okerragoetan dago horma hori, eta ezer gertatu aurretik derrigorrezko ikusten dugu konpontzea. Aspalditik egon beharko luke eginda", esan du Lazkanok.
Zuhurtziaz egindako aurrekontu proposamena dela azaldu du Lazkanok. Egon daitezkeen gastu guztiak aurreikusten saiatu direla ahalik eta aurrekontu errealistena egiteko. Urtearen bilakaerak aukera emango balu udal arduradunek lehentasuna emango liokete argiteria publikoa LED sistemara egokitzeko lanen bigarren faseari.
2016ko aurrekontuaren betetze-maila
Argiteria publikoa LED sistemara egokitzeko lehenengo faseko lanak egin berri gustura da emaitzarekin udal gobernu taldea. Aurtengo inbertsio garrantzitsuenetakoa izan dela adierazi dute. Horrekin batera nabarmendu dituzte kantxan egindako lanak, udal pilotalekuan zein squash kantxan egindakoak, udalaren ekipo informatikoen egokitzea edo turismo-euskara zein ingurumenean egindako askotariko kanpainak. Zentzu horretan alor horietaz arduratuko den teknikari berri bat sei hilabeterako kontratatu izana ezinbestekotzat jo dute hainbat proiektu benetan aurrera eramateko.