Atzo hartu zuen Elgetako zinegotzi kargua Mirari Larrañaga Zialtzetak. Agurtzane Alkaldek EH Bildu udal taldean utzitako hutsunea betetzera dator, eta gizarte ongizate batzordeko buru izango da aurrerantzean. Elgetako eguneko zentroko langilea da Larrañaga eta gertutik ezagutzen du egokitu zaion arloa. Egindako lanagatik esker oneko hitzak izan zituen Larrañagak Alkalderendako. Azaldu du ilusioz hartzen duela ardura berria, eta agindu du onena ematen saiatuko dela. "Ahalegina behintzat ez da egin barik geldituko", esan zuen.
Izendapen berria egin ostean udalbatzak aho batez eman zion oniritzia Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren estatutua aldatzeko proposamenari. 2013an onartutako lege batek eskatzen duen tramite legala da.
Horrekin batera bi adierazpen instituzional onartu zituzten atzo Elgetako udal ordezkariek. Bata indarkeria matxistarekin lotuta. Esparru horretan hainbat konpromiso hartu ditu Udalak, besteak beste berdintasun esparruko politikak bultzatzea.
Ate joka dagoen Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotuta ere adierazpen instituzionala onartu du udalbatzak aho batez.
Galdera erreguen txandan oposizioak informazio zehatzagoa eskatu zuen 2017ko aurrekontuaren lanketarako. Iraitz Lazkano alkatearen erantzuna izan zen informazio hori eskuragarri dagoela.