Oporrak hartu aurreko azken osoko bilkura egin zuten atzo Elgetako udalbatzako kideek.
Eguneko lehen puntuan, Frankismoaren krimenen aurkako kereila jartzea adostu zuten udalbatzako bi alderdiek. Horren aurretik, Josu Ibargutxi Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformako kideak, martxan daukaten kanpainaren berri eman zien udalbatzako kideei.
Ondoren, Iraitz Lazkanok alkate erabakien berri eman zuen. Hainbat konturen artean Alberto Olalderen auzian kalte ordainen bigarren zatia, 87.000 eurokoa, ordainduko dutela jakinarazi zuen.
Jarraian, iazko ekitaldiko Kontu Orokorrak onartu zituzten aho batez. Beste puntuetako baten Espaloia kafe antzokiaren ustiapena esleitzeko pleguak onartu zituzten. Ostalaritza zerbitzua esleitzeko baldintzak azaldu zituen Janire Lazkanok, eta ondoren prezioaren BEZari buruzko xehetasun batzuk zehaztea adostu zuten. Ostalaritza zerbitzua ustiatzen duenak ez du zertan kultura eskaintza bere gain hartu beharko.
Hau eginda, aho batez onartu zuten Leintz Gatzagako gela desplazatua ez ixteko Gurel eta Koldotxo guraso elkarteek aurkeztutako mozioa.
Osoko Bilkurako azken puntuan piztu zen udalbatzako bi talde politikoen arteko eztabaida. EH Bilduk, Zubietako erraustegian kudeatzeko pleguen onarpena dela eta, honen aurkako mozioa aurkeztu zuen. Koalizo abertzaletik Debagoienan lortutako gaikako bilketa Gipuzkoa osora zabaltzearen beharra azpimarratu zuten, eta hori lortuz gero, erraustegia gaindimentsionatuta legokeela azaldu zuen Iraitz Lazkano alkateak.
Aldiz, oposizioko Mikel Larreak erraustegia beharrezkotzat jo zuen gaur egun Gipuzkoak errefuxa gordetzeko daukan arazoaren aurrean.
Eztabaida luzea eta sutsua izan zen bi alderdien artean, baina azkenean, mozioak aurrera egin zuen EH Bilduren aldeko botoekin. Gu Geu Elgeta plataformako ordezkariek aurkako botoa eman zuten.