Ezusterik ezean Elgetako udalbatzak martitzeneko osoko bilkuran onartuko ditu Elgetako Espaloia kafe antzokiaren kudeaketarako eta ustiapenerako baldintza orokorrak. Udalak atzo, eguena, aurkeztu zuen proposamena jendaurrean eta dokumentua ikusgai dago elgeta.eus atarian. Lehenbailehen zabaldu gura du esleipen prozesua Udalak. Asmoa da jasotako proposamenak aztertuko dituen hautaketa batzordea irail erdialdean elkartzea erabaki bat hartzeko.
“Aurreko hilabeteetan egindako parte hartze prozesutik zein Espaloiaren etorkizunaren inguruan egindako mahai-ingurutik ateratako ondorioetan dago oinarrituta proposamena”, azaldu du kultura zinegotzi Janire Lazkanok. Ondorio horien artean Lazkanok nabarmentzen ditu: Elgetako kultura eredua adostea, antzokirako proiektuak herriak egitea, antzokiaren kudeaketarako talde eragile bat sortzea, eta ostalaritza jarduera kultura jardueratik banatzea”.
Udalak esleitu gura duena ostalaritza zerbitzua da. “Kultura arloko proposamenak ere baloratuko ditugu, baina ez dira derrigorrezkoak”, esan du kultura eta parte-hartze zinegotziak. Azaldu du urtebeterako esleipena izango dela, lau urteko epean urtero berritu daitekeena.
Alokairua eta ordutegia
Betebeharrean atalean hileko alokairua gutxienez berrehun eurokoa izango da, eta antzokiak zabalik beharko du barikutik domekara bitartean, jai egunetan eta jai bezperetan gutxienez 10:00etatik aurrera, eta ezingo da 22:00ak baino lehen itxi. Aretoak zabalik beharko du baita ere bisita gidatuak daudenean eta herriko jaietan.
Esleipendunak bere gain hartuko ditu aretoaren garbiketa eta mantenua zein gastu orkorrak —argindarra, ura, gasa…—. Orain arte ez bezala, ordea, Udalak hartuko du bere gain kontratatutako potentziaren erdia.
Aretoan urtean hogei ekintza antolatzeko aukera izango du Elgetako Udalak, eta egun horietan zabalik beharko du aretoak. Kasu horietan soinu teknikariaren gastua antolatzaileak hartuko du bere gain.
Teknikari berria
Horrekin lotuta Udalak jakinarazi du diru-laguntza eskatu duela teknikari bat kontratatzeko. Sei hilabeterako kontratua da aurreikusten dena eta %60ko lanaldian. Teknikari horrek kultura, euskara, turismo eta hezkuntza arloak jorratuko lituzke. “Garrrantzia handikoa izan daiteke kafe antzokia berriz ere martxan jartzeko prozesuan”, esan dute Udaletik.