Barazkiak, gazta ezberdinak, kultura ezberdinetako jakiak, artisau produktuak, eskuz egindako belarritakoak, askotariko produktuak eta animaliak izan ziren protagonista Elgetako jaietako azken egunean. Eguraldiak lagunduta, herritarrak kalera irten ziren artisauen postuak ikusi eta erosketak egitera.
Bestalde, jaiei hasiera emateko mozorroak izan ziren nagusi egubakoitzean. Gospel koroa, okindegia, animalia taldea, txaranga... bezalako mozorroak hautatu zituzten herritarrek festetan murgiltzeko. Plazan jarritako photocall-a izan da aurtengo berrikuntzetako bat. Izarren pare egin zituzten erretratuak han.
Zapatuan, euria agertu zen Elgetan, eta soka dantza pilotalekuan egin behar izan zuten. Udal ordezkariak dantza egin zuten bigarren urtez. Gainera, azken urtean Elgetara bizi izatera joandako 20 herritarrei omenaldia egin zieten.
Pilotalekuan egin zuten era berean bazkari herrikoia. 500 pertsonendako paella erraldoia prestatu zuten.
Koadrilen arteko lehiaketa
Aurtengo jaietako berrikuntza nagusiena koadrilen arteko herri kirol txapelketa izan da. Hiru talde lehiatu ziren. Txingak, sokatira, lokotxak... Guztira, sei proba ezberdin egin behar izan zituzten. EH Bildu delako taldea izan zen lehiaketako irabazlea, eta eskulan bat jaso zuen sari gisa.