Espaloia antzokia kafe antzokiaren etorkizuna definitzeko, antzerako esperientzietatik edan eta eredurik interesgarriena josten hastea da Elgetako Udalaren asmoa.
Horretarako, ekintza kulturalak kudeatzen eskarmentua duten lagunekin mahai ingurua egin dute gaur, egubakoitza, Espaloian bertan. Hauek izan dira hitza hartu dutenak: Iban Arantzabal, Espaloiaren aurreko ibilbidea azaltzeko, Johana Olaberria, Gernikako Astra eraikineko bizipenak ekartzeko, eta Eneko Barberena, Durangoko Plateruenaren funtzionamenduaren xehetasunak emateko.
Iban Arantzabalek, kulturarik gabe kontrakulturarik ez dagoela azaldu du, eta horretarako, eskaintza kulturala ondo aukeratzearen garrantzia nabarmendu du. Johana Olaberriak, Astraren kasuan herriari begira jarri eta herritarren inplikazioa lortzea klabea izan dela adierazi du. Eneko Barberenak, aldiz, Plateruenako kasuan ostalaritzak duen pisua azpimarratu du. Horretaz gain, euskararen inguruko proiektuei lekua ematearen beharraz ere mintzatu dira.