Espaloiaren etorkizuna argitze bidean antzerako esperientzien berri jasotzeko mahai ingurua Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko eka. 9a, 12:28

Hizlariak izango dira Espaloia kafe antzokiaren kudeaketan hamar urtez aritutako Iban Arantzabal, Gernikako Astrako Johana Olaberria eta Durangoko Plateruena kafe antzokiko Eneko Barberena. Bihar, barikua, egingo dute mahai-ingurua, 19:00etan, Espaloian.

Kultura kudeaketan arituak diren hiru lagunen esperientziak eta iritziak entzun gura dituzte, Elgetan, herriko kafe antzokiaren etorkizunak zein behar duen definitu aurretik. Hausnarketa prozesua iragarri zuen Udalak gaiaren inguruan, eta antzerako esperientzia ezberdinak ezagutzeko mahai-ingurua antolatu dute. "Denok dakigu antzokiaren martxa zein izen den eta orain itxita dago. Berriz zabaltzeko edo martxan ipintzeko nahi dugu parte hartze prozesu bat abiatzea, eta ezinbestekotzat jotzen dugu lehenengo eta behin inguruan dauden antzerako beste esperientzia batzuk ezagutzea", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak.

Mahai-ingurua 19:00etan hasiko da Espaloia kafe antzokian eta mahaiaren bueltan izango dira Espaloia kafe antzokiaren kudeaketan hamar urtez aritutako Iban Arantzabal, Gernikako Astrako Johana Olaberria eta Durangoko Plateruena kafe antzokiko Eneko Barberena. Debagoiendarrak dira hirurak eta bailarako kultura eskaintzaren inguruan ere ekarpen interesgarriak egin ditzakete. 

Hainbat gairen bueltan galdetuko zaie: ardura duten edo izan duten kultura eskaintzaren nolakotasuna, lehenetsitako irizpideak programazioa egiterakoan, euskararen garrantzia, harremana instituzio publikoekin, etorkizunera begirako erronkak, identifikatutako zailtasun nagusiak... "Asmoa da informazio hori jasotzea ez bakarrik udaletxean lanean gaudenok baizik eta herritarren artean ere zabaltzea. Eta bateren batek bestelako iritziren bat badauka edo ekarpenik egin gura badu gonbidatzen dugu parte hartzera. Uste dugu denon iritzia dela garrantzitsua gai honetan proiektu oso garrantzitsua delako. Nahi dugu poliki-poliki eta denon artean proiektu hau finkatzen joatea etorkizun bat izan dezan".

Txukuntze lanak martxan

Udalak 10.000 euroko diru-lerroa aurreikusi du antzokian lehen egokitzapen lanak egiteko. Iraitz Lazkano alkatearen esanetan "gutxieneko baldintzetan ipintzeko". Garbiketa lanak martxan dira dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak